diskoz disko
Zakurraren Biolina, 2010
HERNANI DAGO PENOSO
Anonimoa, 1875
Askok dakite nola nik
luzaro egun bat onik
ez daramala Hernanik;
beti tiroka granadapian
dauka Santiagomendik;
gaitz da libratzen argandik,
kaltiak dirade haundik,
egiten diranak handik.
Bala bat lehertzen kalian,
bestia berriz aidian,
beti badira bidian;
lo ez dagonak maiz aitzen ditu
tiro soñuak aldian:
egunaz hala gabian,
beti etxietan bian
egon bihar da gordian.
Urbietaren herria,
lehenaz etzana berria,
alperrik galdu da ia;
galbai zahar baten itxuran dago
granada zuloz josia;
Kontzejua da hausia,
joan zan aidian guzia,
frankok galdurik bizia.
Gerra zan ezkeroz hasi,
izan da zenbait desgrazi,
gaitz asko dira ikusi;
jende asko da gelditu pobre,
herria berriz itxusi;
horla izate ta guzi,
sufritzen diranak bizi,
plazik eztute nahi utzi.
Hernani dago penoso,
beti tiropian preso,
hartzen du zenbait balazo;
lenaz gain beste bateria bi
berriak dizkate jaso;
hoiek harturik eroso,
gogor diote eraso,
puskatu nahi dute oso.
Bonbakin granadak nahaste,
karkak lehen ere bastante
tira izandu dituzte;
baldin herria purrukatuta
hartzia badute uste,
beste makiña bat urte
pasa biharko dituzte,
eta hartuko eztute.