Hitzak

Zoragarria ez al da?

Hitzak: Koldo Izagirre, 2005
Musika: Joseba Tapia

Agur lagun agur mundu
agur ikusle samalda
asmo zoro batek nakar
ez zaiteztela asalda:
mundutik alde eginda
mundua liteke alda!
Zoragarria ez al da?
Bidegorrian aztalka! 

Haize kontra noa zuzen
oker haizeak buruan…
Aspertuko haiz lehenago
lagun denek inguruan.
Nire asmoak ez omen
ez buru eta ez hanka
Zoragarria ez al da?
Bidegorrian aztalka! 

Oker haizez dut egina
aspaldi gaitzeko meta
meta hartara noa ni
izan arren… Tourmaleta!
Bide lau samur berdina
baino nahiago dut malda.
Zoragarria ez al da
bidegorrian aztalka? 

Ordokian ere beti
nabilela malda gora
badakit zaila dudala
arribatzea inora.
Baina ez dut zertan etsi:
zurekin eginen dut talka
bidegorrian aztalka!
Zoragarria ez al da? 

Trazatutako bidean
gogait egiten dut guztiz
noraezean naiz joaten
arauak aldera utziz.
Orduan zer ikusten da?
Buru bat eta bi hanka
bidegorrian aztalka
bidegorritik irtenda! 

Egunsentian aztalka
arrastirian aztalka
gau eta egun aztalka
gelditu gabe aztalka
buru bat eta bi hanka
Zoragarria ez al da?
Bidegorrian…!

Haize barruan aztalka
euri azpian aztalka
elur gainean aztalka
eguzkiraino aztalka
buru bat eta bi hanka
Zoragarria ez al da?
Bidegorrian…!

Biderik gabe aztalka
gurpilik gabe aztalka
galgarik gabe aztalka
katerik gabe aztalka
buru bat eta bi hanka
Zoragarria ez al da…?
Bidegorrian…!
Gorribidean…!

Umearen ehiza

Hitzak: Jacques Prevert, 1934
Musika: Joseph Kosma

Zerria! Alferra! Lapurra!
Uharteko zeruan zenbait hegazti
uharteko uretan ura gazi. 

Zerria! Alferra! Lapurra!

Zer ote dira oihu horiek?

Zerria! Alferra! Lapurra!

Zintzoen matxinada
ehizatu nahirik… ume bat! 

Nazkatu naiz! Aski dugu! esan zuen ausart.
Zaindariek jo zuten giltzekin hortzetan
giltzekin jo zuten zaindariek hortzetan zart! 

Zerria! Alferra! Lapurra!

Hanka egin du orain
piztia izutu gisan
gauez doa gainez gain
denak ditu ehizan:
Jendarmak turistak maisuak artistak… 

Zerria! Alferra! Lapurra!
Umearen ehiza da
zintzoen matxinada.
Nahiz ehiztari ez izan
denak dira ume ehizan.
Nor da gauez igeri?
Zer da zarata hori?
Ume bat da ihesi!
Tiroka behar da hezi!

Zerria! Alferra! Lapurra! 

Jendea bildu da bazterrean
oihuka haserrean.

 Zerria! Alferra! Lapurra!

Helduko ahal haiz lehorrera, helduko ahal haiz lehorrera…!
Uharteko zeruan zenbait hegazti
Uharteko uretan ura gazi.

Lagun galduaren geografia

Hitzak: Koldo Izagirre, 2003
Musika: Joseba Tapia

Andoni eraman zutenez gero
ez dut ikusi nahi Zarautz
hondartza basamortu ez ote
euri gozoena errauts. 

Andoni eraman zutenez gero
ez dut maite Atarratze
bortua kopla xirula dena
dena egiten zait atze.

Andoni eraman zutenez gero
zertan bisita Gatika
kafe gazitan urtua dago
euskararen gramatika.

Andoni eraman zutenez gero
mingarri zait Miarritze
buruan mailuka zazpi mailu
oinetan zazpina iltze.

Andoni eraman zutenez gero
ez dut bidean Dulantzi
lagunik gabe naizelako zait
oinez egiten ahantzi.

Andoni eraman zutenez gero
ez dakit non den Bidarrai
laguna galdu duen harentzat
bideak alferrik darrai. 

Andoni eraman zutenez gero
mapan puntu bat Zangotza
beti daukat aitzakiaren bat
beroa ez bada hotza.

Andoni eraman zutenez gero
nork benedika Garazi
munduko plaza guztiak ditu
zulo batek iragazi.

Andoni eraman zutenez gero
gorroto dut Donostia
nekez higatuko dut nik hango
espaloietan oskia.

Andoni eraman zutenez gero
hor dago nonbait Iruña
sutara bota nuen haserre
printze onaren ipuina.

Andoni eraman zutenez gero
ederrez da zatar Bilbao
hango mahastiek ez dakarte nik
behar dudan beste ardao.

Andoni eraman zutenez gero
ez dut nik behar Baiona
hosto bat kendu zaion hitzari
dena da kendu zaiona.

Andoni eraman zutenez gero
ez aipa ez aipa Gasteiz
ukatuok hautatuengandik
beti bizi gara bereiz.

Andoni eraman zutenez gero
ez dut berriro jo Maule
Andoni eraman zutenez gero
biok bahituta gaude.

Real Politik

Hitzak: Koldo Izagirre, 2005
Musika: Joseba Tapia

Entzun ezazu kontzejal jauna edo anderea:
badakizu dakizunez
nazkatu gara ogi lizunez
ez dugu nahi gosaldu albiste ilunez.
Gure plazan gauero eguzki betea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen borroka lurrina
lepokoan zeukan ikurriña.

Entzun ezazu alkate jauna edo anderea:
presa berririk ez arren
ederto goaz azkengarren
ez zaigu ardura berandutu arren.
Bareari berea, hori da legea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen aberri lurrina
balkoian zeukan ikurriña.

Entzun ezazu sailburu jauna edo anderea:
ez dugu maite ardaila
bihar joko dugu bataila
Goliatek proba dezan Daviden habaila.
Handiak txikitzea da gure xedea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen ikara lurrina
paparrean zeukan ikurriña.

Entzun ezazu lehendakari jauna edo anderea:
herriak zuri emana
ez baita nolanahiko zama
hartzen dituzun lanak ditzagula bana…
Zuretzako botoa, guri boterea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen haserre lurrina
bihotzean zeukan ikurriña.

Entzun ezazu jaungoiko jauna edo anderea:
zugana gatoz itsuan
mundu triste honen izuan
zenbatean etxeak hor paradisuan?
Zure artaldekoa da euskal aberea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa.
Ederra zen gezurren lurrina
hodeietan zeukan ikurriña. 

Entzun ezazu deabru jauna edo anderea:
gozamenaren azkura
aspaldi zeharo galdu da
hemen behar dena da zure diktadura
parrilan erretzeko Kristoren jendea! 

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa.
Ederra zen porroten lurrina
errautsetan zeukan ikurriña.

Askatasunaz

Joxe Mari Lopetegi, 1931
Musika: Joseba Tapia

Zer buruzbide bihotz gabe
zer anaitasun zitala
zer gizontasun neurri gabea
zer zentzu gabeko ergela
zer gertatzen da Euskal Herrian
zerk garabiltza honela
zer itxuretan anai jatorrak
zer pakez ezin gaudela
zer esan nahi du jarraikera honek
zer, zentzu gabeak gerala

Nun gertatu da honelakorik
nun jaunak, nun, Azpeitian,
jesuita ta erlijiua
besterik ez dan tokian
Askatasunaz gaudezelako
lau lagun aruntz joan ginan
gure barrengo fede leiala
aitortutzera hitz bian
ekin ziguten laueri milak
guztiz modu itsusian

Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nahiean
udazkenean nola enarak
alanbrearen gainean
hitz bat egiten utzi nahi ezik
modurik okerrenean
odolean ezin irukirik
min zutela barrenean
beldur ziraden bihurtutzeko
norbait gure esanean

Garate jauna Bergarakoa
euskaldun jatorra berez
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nahi ez
heldu zioten zamarretikan
lau puska egin beharrez
Santakruz zanan odol beretik
nazi dira gure ustez
Aita Inazio sortu herrian
bihotz onekoak daudez

Gomendio zan honen laguna
jaun on bat oñatiarra
hotzikan gabe laja diote
gizajoari bizkarra
tira ta bultza hautsi zioten
soinean zeukan zamarra
ekustearren zeinen pizkorra
berez dan azpeitiarra
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrila txarra

Mila baziran lau zatitzeko
ez al da lotsa euskalduna
atzerrietan ai zer fama guk
ekusi behar deguna
hau al da lege erlijiuak
erakutsitzen dizuna?
Modu horretan baldin badabil
maltzurtzar bihotz-astuna
bide hortatik ez da etorko
Euskadin Askatasuna.

Bilbaoko iretargi

Hitzak: Bertolt Brecht, 1929
Musika: Kurt Weill

Bill-en borda Bilbaon
onena zen kontinente osoan!
Dolar baten truke gozo dantzan
edo muturka borroka zoroan.
Sartu ote zinen sekula batzoki hartan?
Ez dut uste aspertuko zinenik han!
Han!
Aulkian putzu bat brandy
pista erdian belarra handi
gorri sabaian Iretargi…
Eta musika?
Hura bai musika!
Beti zen yarritako dirura!
Hi, Joe, jo ezak doinu zahar hura…! 

Bilbaoko Iretargi!
Zeu zaitut lekuko…
Inork ez al daki…
galdua ote dago…
Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina
munduan zenik ederrena! 

Bill-en borda Bilbaon
mendeak zortzi, urteak maiatza
Frisco-tik lau zaku bete diru
han baitzen ongileon anaiatza:
arrano zapelatz aztore sai putre miru…
gozo laztuko zinatekeen zu han.
Han!
Aulkian putzu bat brandy
pista erdian belarra handi
gorri sabaian Iretargi…
eta lagunak browning banarekin tiroka.
Ti-ro-ka!
Beldurrik ez?
Heldu borroka!

Bilbaoko Iretargi!
Zeu zaitut lekuko…
Inork ez al daki…
galdua ote dago…
Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina
munduan zenik ederrena!

Bill-en borda Bilbaon,
gaur ez da borda baizik aretoa:
dantzaleku zatar arrunt garbi
kafe-antzoki baten antzerakoa.
Jatortasun usain eta neonezko argi,
tenplau sartuko zinateke hemen
Hemen!
Pistan ez da belarrik
brandyak ez dauka indarrik
huts egin digu Iretargik…
eta musika?
Hau zarata, hau durrunda!
Hi, Joe, jo ezak doinu zahar hura!

Bilbaoko Iretargi!
Zeu zaitut lekuko
nik maite nuela…
Hara! Hauxe da letra!
Barkaidazue… aspaldiko kantua da eta…
Bilbaoko Iretargi
Iretargi xahar… Iretargi gorri!
Zu ez zinen hara zale, huraxe zen baina
munduan zenik ederrena!

Biba Berango!

Hitzak: Gabriel Arestik, 1964
Musika:Joseba Tapiak

apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango.

Munduan beste asko lez,
arta buruan oskolez.
Atzo aspertu nintzaden
maisuez eta eskolez.

Poeta naizen ezkero,
eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero.

Ilargiaren adarrak:
handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak.

Zerutik dator harria.
Nundikan berriz argia?
Gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.

Martxoko oilar gorria,
inundik ez etorria,
goseak arintzearren
judu batek igorria.

Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak.
Oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.

Gure amonak esan dit:
aitak arnoa edan dik.
Joan zaitez tafernara
eta ekar zazu handik.

Euskeraren asturua
ezta gauza segurua:
Askozaz hobekiago
dabil munduan judua.

Eta hau hola ezpazan
sar nerila kalabazan.
Ipui txit barregarriak
kontatu nituen plazan.

Soldadu sartzea

Hitzak: Bilintx, 1831­ – 1876
Musika: Joseba Tapia

Penetan daramazkit eguna ta gaba
poz bat sentitu gabe, au suerte billaba!
Gosaritzat taloa eta bakallaba
bazkaitan katilu bat salda ta sei baba…
Hamalau jango eta bi sardin afaldu,
batek ez luke hobe sartzea soldadu?

Urrikigarria da nere izaera:
goizero nahi ta nahi ez joan behar lanera
egarritutzen banaiz, ura edatera…
Nik horla zer bentaja nezake atera?
Ezer sobratu ez ta osasuna galdu
ez det ondo egingo sartzea soldadu?

Kontuz ibili arren eta juizioan
inor aberasten ez da ofizioan.
Ni lanakin ibili beti sesioan?
Erremientak norbaiti erdi prezioan
edo kasik debalde ahal banizka saldu
bihartikan sartuko nitzake soldadu.

Jaunak, adiarazi ez liteke hitzez
zein aspertua nagon honela bizitzez
beti negarrez eta penetan ibiltzez
jornal txikiaren truk lanean aritzez.
Batek beti honela bizi behar badu
ez du gaizki egingo sartzea soldadu.

Eisenhower eta ni

Hitzak: Charles Uhalde, 1953
Musika: Joseba Tapia

Eisenhower eta ni, zer gizon paria!
primetan baginuke guk lehen saria
Ameriketan dute hau denen buria
ni ere ez nornahi, gauza ageria:
podore guti bainan badut omoria. 

Bertsuz emanen ditut zer harat-hunatak
ditugunak beraz nik eta Presidentak:
denen gobernatzeko biziki akortak,
harek manatzen ditu Washington-New Yorkak,
eta nik Nevadako mendi ‘ta errekak.

Jeneral Eisenhower gizon famatia
izarrez estalia du bere kepia.
Izarren usaia dut nik ere hartia
gaua frangoz, nun ez den ilargi betia
begi bat zabalik dut aski lo e’itia.

Erresuma handi hau xuxen moldatzeko
harek behar buru bat eta nik bi zango
otoan dabil hura, ni arri-mandoko
moda xahar hau ez dut beti segituko
modernizatuko naiz haren adineko.

Zer familia duen ez dakot galdegin
ez gira interesatzen suiet horiekin.
Alabatxo bat balu apepres ner’ adin
pena litake hura uztia mutxurdin
enetzat andrexka bat egin liro berdin.

Politikari buruz ez dut azkar bixta
denen konprenitzea enetzat anitx da
iduri du naizela erdi komunixta:
aitzinerat ukana, on bada, profita.
Eisenhower berdin da, etzaitela trixta.

Hau aberats bizi da mutilen artean
eta ni bertzen mutil ahal den moldean.
Zer ontasunak ditugun guk iguzkipean!
Nik ez badut gehiago gaineko aldean
Jauna urrikal zaizkit eternitatean.

Laster hiltzen bazauku gure Presidenta
jendek nindezakete ordaintzat presenta.
Nola dutan kargua ja aski baitzauta
Frantziarat ihes jinen ez nezaten hauta
izen faltsu batekin deus ez dadin gerta.

Nahaskeria frango dabila mundiak
armaden gerizarat guziak bildiak.
Guk baditugu tropak, zer tropa haundiak!
Presidentak soldadoz eta nik ardiak!
Trankil egiten du lo hemengo jendiak.

Hor ditugu zaintzale armada osoak
menean dituztenak leihor-itsasoak
menean bai mendiak en’ ardi multxoak
zer lanjerrak dituzten hek ere gaixoak!
Bakarrak jaten daizkit gauaz jaun otsoak.

Sekretu bat enekin ez delakotz dudan
atomik entseguak baitugu Nevadan
Rusia eta Xina badira ‘re kaldan
pinterdia edaten jin laizke segidan
heien osagarrira dugun beraz edan.

Eisenhowerek beti bakea gogoan
bainan zaintzen aski lan du orainokoan.
Hortako ezarria da bere gradoan
denen erresponsable gerla has ondoan
trankilago bizi naiz ni neure xokoan.

Hartze du errespetu eta ohoria
denetaz maitarazten du bere buria
baina maiteago nik halere neuria
zeren hau galtzen badut segur naiz jarria
harek ez deraitala emanen beria.

Larre galduak

Hitzak: Josetxo Azkona, 2001
Musika: Joseba Tapia

Hor
ehunka behi
urrumaka
metaturik
aterpe hertsietan
agian heriotza janez
abere irinak
hausnarrean.

Hor
antibiotikoz
hezitako
oilasko sail izugarriak
kaioletako burdinei
amorruz mokoka
begiak zuri
jaio eta galdu bitarteko
agonia luzean.

Hor
hipermerkatu itzelak
zabalik beti ateak
apalak mukuru beterik
agian herio isuriz
jendarteari deika…

Pagotxa industriala.

Paris - Dakar

Hitzak: Eneko Barberena, 2004
Musika: Joseba Tapia

Zergatik ez dakar Dakar Paris-Dakarrek?
Zergatik darama Paris Dakarrera?
Dakarrik ez dakar
desertuko haize lehorrik ez dakar
palmondoen fruitu gozorik ez dakar
gamelu karabana luzerik ez dakar.
Paris darama Dakarrera
Pariseko zaborra
Pariseko hautsa
Pariseko farolen argia
Europarron zilborra
Sahara bera baino handiagoa da

Madrilgo lagunak

Hitzak: Bitoriano Gandiaga, 1977
Musika: Joseba Tapia

Guztitariko lagunak
nituen egin Madrilen
guztitariko lagunak.
Ongi hartzen gaituzte
euskaldunok Madrilen.

Eskuineko zenbait lagun
egin nuen Madrilen
eskuineko zenbait lagun
ezkerreko adiskide
zenbait ere egin nuen.

Guztitariko lagunak
nituen lagun Madrilen.
Guztiak haserretu
zaizkida bat-baten.
Ez dut izan erraza
pasarte hau Madrilen.

Euskaldunok jende gisa
atsegin gara Madrilen
baina ez euskaldun gisa
ta hala haserretu ginen
euskal arazoz larriki
mintza bainintzaien.
Harrez gero agurra
ukatu zidaten
lehenengo eskuinekoek
ezkerrekoek ondoren.
Ez dut izan gozoa
pasadizo hau Madrilen.

Gerora adiskidetu
izan gara noizbaiten
baina oraindik ez dakit
zer arraiotan ez duten
euskal arazoz mintza nakien
aurpegi hobez onhartzen.

Irla han da

Hitzak: Joxerra Garziak, 1991
Musika: Joseba Tapiak

Belauntzi arina da maitasuna
zatoz nerekin
itsasoan barrena
urrutira
joan behar dugu
urrutira
beste olatu batzuk
beste arroka batzu
kolpatzen dituzten ertzera.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
inon-ezko parajean.

Arantzarik gabeko larrosen gainean
eginen dugu lo
baldin bazatoz
urrutira
haizeen sorleku
urrutira
inoiz inongo penak
maitaleon bihotzik
tristatzen ez duen tokira.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
inon-ezko parajean.

Maitale zapuztuen arima erratuak dira
itsaso honetako olatuak
ez datoz inongo
urrutitik
ez doaz inongo
urrutira
naufrago triste hauek
hilobi bila doaz
ertzik ez duen irlara.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
ametsezko utopian.

Lo kantu liluragarriak kantatuko dituzte
lamiek guretzat
kresala zipristinduaz
urrutian
hain hurre dukegun
urrutian
irla galdu bat baizik
ez duzu zoriona
belauntzi hautsien itsasoan.

Etorbide profesionala

Hitzak: Koldo Izagirre / Joseba Tapia, 2005
Musika: Joseba Tapia

Zenbat trikiti, zenbat fandango
zenbat pasodoble jo dudan nik
ezker eta eskuin, esku eta zango!
Zer ez dut nik jo?
Txaloak gaiztotzen du harroa
baina sekula ez dut jo
ez dut jo sekula jotakoa.

Mila mandio, mila teilape
mila taberna alaitu dut nik
bete eta hutsik, hutsik egin gabe!
Non ez dut nik jo?
Zoko guztietan jo dizut nik
baina sekula ez dut jo
ez dut jo sekula pulpitutik.

Jotzen dut uda, jotzen dut negu
egunero naiz jo beharrean
soinuak estu ninduen heldu.
Noiz ez dut nik jo?
Giro sortzen zenbat ibilera!
Baina eskula ez dut jo
ez dut jo sekula epelera.

Zenbat trikiti, zenbat fandango
zenbat folk eder joko dudan nik
zenbat egia eta gezur esango!
Nola ez dut joko?
Joko dut zoli, joko dut grabe
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz jotze alde.

Ezintasunak joko nau baina
orduan ere joko dut bero
saiatuko naiz tentatuz gero.
Nola ez dut joko?
Dardara batean naiz jarriko
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz belauniko. 

Joko dut karu, joko dut merke
eta ez daukanak behar banindu
joko dut pozik musu eske.
Nola ez dut joko?
Joko dut hauspoak eman arte
baina inoiz ez dut joko
ez dut joko inoiz maite ez banaute.

Doinuak: tradizionala, Joseba Tapia, Kurt Weil, Joseph Kosma
Hitzak: Gabriel Aresti, Josetxo Azkona, Eneko Barberena, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Bertolt Brecht, Bitoriano Gandiaga, Joxerra Garzia, Koldo Izagirre, Joxemari Lopetegi, Jacques Prevert, Joseba Tapia, Charles Uhalde
Joseba Tapia: soinu txikia, ahotsa
Arkaitz Miner: mandolina, biolina, zintzarria, ahotsa
Jexux Aranburu: pianoa, soinu handia, kurkubita, ahotsa
Natxo de Felipe: ahotsa (Biba Berango)
Mertxe Oliden: ahotsa (Soldadu sartzea)
Ainhoa Aranburu, Estitxu Eizagirre, Maialen Lujanbio: koruak (Soldadu sartzea)
Xabier Berasaluze “Leturia”: zapatak (Soldadu sartzea), kurkubita (Madrilgo lagunak)
Mikel Artieda: baxua (Irla han da)

Grabazioa: Anttoni Records estudioa, 2006ko martxoa eta apirila
Soinu teknikaria: Jonan Ordorika
Bateratzea: Katarain estudioak
Mastergintza: Jonan Ordorikak Mamia estudioetan
Laguntzaile teknikoa: Mikel Azpiroz

Diseinua eta irudiak: Juanba Berasategi

Entzun:

Spotify

Real politik

Artist : Joseba Tapia
Format : CD