Hitzak

Loiolako porrusalda

 

Azpeitiko mutila
Inazio donea
Zenbait atso gazteri
Jasoa gonea
Ai zer gonorrea
Inazio donea

Herriaren lepotik
Mila marabedi
Loiolatarren kasta
Madarika bedi
Besteren izerdi
Mila marabedi

Oiñaztarren mutila
Han aurrean doa
Gaztelaren pausoan
Oina ta zangoa
Ederra zapoa
Han aurrean doa

Iruñan hartu zuen
Zangoko herrena
Nafarroa salduta
Etsaia barrena
Ez du okerrena
Zangoko herrena

Begira nola doan
Aldarera herren
Apostoluetatik
Jarria da hurren
Ifernuko Txerren
Aldarera herren

Orduan sortu zuen
Jaunaren armada
Munduko gerra zikin
Guztien ama da
Inon beltzik bada
Jaunaren armada

Jainkoaren aldeko
Beso armatua
Dolarrak aspaldian
Ongi xarmatua
Ustel xamartua
Beso armatua

Loiolan ageri da
Eder basilika
Zeruko zergazainek
Sakela kilika
Kristo zintzilika
Eder basilika

Hizketa leuna du
Kristoren morroiak
Sotana beltza baina
Zuriak sermoiak
Loiolan zer lohiak
Kristoren morroiak

Urolako lohietan
Kli-klu kli-klu kli-klu
Horra santu batenak
Gaur zenbait meritu
Inaziok baditu
Beste hainbat kli-klu

Zapatapean

 

Heure buruaz lotsa zatar ez bestea
Arin ezkutatzen haiz parte gaiztokoa
Somatzen baldin baduk inoren pausoa
Gorrotagarria zaik ilargi betea

Beldurtu egin nauzu aitorten dut zinez
Harri baten azpian gorderik ardura
Edo baldarki jausiz edozein putzura
Hanka egin behar dut zu maita ezinez

Apo, apo, Isilik hago!
Kondearen alaba
Lotan baitago.

Inoren begirako egina ez hago
Bizkarra likin eta eztarria lakar
Ez duk harritzekoa bizitzea bakar
Zein erruren ordainez sortu hintzen apo?

Nire itxura ez da ezeren zigorra
Nazka eman badizu nik daukadan antzak
Liluratuko zaitu ene kantu latzak
Ni naiz basatzetako ai urretxindorra

Apo, apo, Isilik hago!
Kantari ematen duk
Itsusiago.

Hire kli-klu harroak ez zirudik hitza
Baizik deabruaren herrenaren hotsa
Hartzen baldin badiat eskuan bostortza
Bertan isilduko haut bufo vulgarisa

Nik daukadan malura nork dezake osa?
Bide bazter batean nindutela jaurti
Taupaka hasi nintzen gauaren beldurti:
Ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza

Apo, apo Isilik hago!
Ene zapatapean…
Isilik hago!

Apo, apo Isilik hago!
Ene zapatapean…
Hi hilik hago!

Bizi naizen putzuak

 

Putzuz putzu nabilela
Amorruan puztuta
Dinostan igela
Amorruan puztuta
Patxadari naun aspaldion
Emana gibela

Malko garratzenen ura
Dator ene putzura

Jauzika zakinat oinez
Amorruan jauzika
Urrunaren minez
Amorruan jauzika
Pausoz pauso hobe nukeela
Ez nezaken sinets

Malko zintzoenen ura
Dator ene putzura
Zikina dinat aztarna
Amorruan zikina
Bideetan barna
Amorruan zikina
Ni ez bainaun lotsa sartzeko
Gorotzetan hanka

Malko garbienen ura
Dator ene putzura

Gainezka dinat likina
Amorruan gainezka
Igelen higuina!
Amorruan gainezka
Izerditu gabe ez nagon
Ni libro egina

Malko ederrenen ura
Dator ene putzura

Apalik nabilen pozez
Amorruan apalik
Dinonat bihotzez
Amorruan apalik
Munduak ni beharrago nain
Hi baino askozez

Malko beroenen ura
Dator ene putzura

Zakarra naun ni larruan
Amorruan zakarra
Azal ´ta barruan
Amorruan zakarra
Halare gozo ikasiko dun
Nirekin marruan

Malko eztienen ura
Dator ene putzura

Kli-klu egiten dinat hitz
Amorruan kulunka
Zenbait mezu likits
Amorruan kulunka
Ez ninake hain garbi egingo
Berbaduna banintz

Malko gordeenen ura
Dator ene putzura

Igela idiari beha

 

Igela
Ergela
Tripa xabal xabala
Putzutik zagon
Idi bati beha

Idia
Lodia
Tripa jori-joria
Janik bazka on
Etzen beldur meha

Igelak idiari
Nola duk tripa hori?
Idiak igelari
So’gizan bada niri!
Nahi dun txitxi?
Re ke ke ker, kerre kroak
Letania grekezkoak
Behar ttun utzi!

Nahi dun puztu?
Ahoa ezan mutu!
Izan nahi duk lodi?
Uzkia josi!

Igela
Ergela
Ernari baitzen laster!

Ahotik
Uzkitik
Aingira bezain isil!

Pokerrak
Uzkerrak
Barnerat guziak bil…!

Ez ote da ezinbertzea
Igel ergela lehertzea?

Oxobi (1888-1958). Koldo Izagirrek moldatua.

William Druryren balada

 

Balada bat kantatzen behar dut nik hasi
Tedworth-eko kartzelan zer nuen ikusi
Enkargatu zidana orai ez da bizi
Aztia zelakoan zuten errarazi

Inglaterra handia itsasoaz harat
Leku makurragorik munduan ez da bat
Musikariak ditu hartzen matxinotzat
Nor ibili da jotzen eskusoinua bart?

William Drury daukat nik ponteko grazia
Mundura sortu eta Irlandan hazia
Eskusoinua jotzen umetan hasia
Makina bat herreni dantza arazia

Lord Hamilton jauna da buruz iletxuri
Loa bildu ezinak jartzen du urduri
Hauspoa kendu eta giltzapera
Drury Soinularia zuten soinu gabe utzi

Hamarrak jo orduko soinuak zuen jo
Druryk bezperan baino are ederrago
Gaua pasa genuen kantu eta txalo
Ingles haiek ordea nagi dantzarako.

Tedworth-en denek zuten erraiten ai ene
Lord Hamiltonek eta Lady zaharrak ere
Soinua omen zela soinuen errule
Ene hauspo ttipia plazan zuten erre

Musikarik gabeko gaua da tristea
Zailago dute orai begiak ixtea
Sorginduak daudela dator albistea
Han ere bazeukaten horren sinistea

Hauspoa suntsituak bere pena zor du
Uste dut betirako zaretela gortu
Moztasun triste honen erantzuna nork du?
Nik ez dut ezer sortzen soinuak nau sortu

Bakea nahi zenuten soinu hori errez
Tedworth-en egiten da justizia errez
Maluren eztigarri musika da berez:
Lo eginen duzue baina ametsik ez.

Lord Hamiltonek zeukan bihotzari esker
Soinularia sutan dantzatu zen laster
Aztia zelakoa ez zegoen oker
Druryk apo ttipi bat egin zuen poker

Tedworth-eko herria zer herri isila
Mutua dago beti dorreko ezkila
Soinuak bereizten du bizia ta hila
Inglesak ikaratzen Drury zen mutila

Hezur hezearen keak

 

Hezur hezearen keak
Haizeari nora
Urrundik dator mendekuz
Doinu bat ahora
Kantuz nadin zora

Hezur hezearen keak
Zeruetan mezu
Soinuaren maisuari,
Maitea, errazu
Nork eman dion su

Hezur hezearen keak
Zerua nabarrez
Lausotzen dizkit begiak
Maitea, sugarrez
Baina ez negarrez

Hezur hezearen keak
Zabaldu dezala
Ni naizela, Drury, zure
Zureko ezpala
Anaia bezala

Hezur hezearen kean
William Drury datza
Hodeietan finkatzen da
Ametsen ardatza
Zer egia latza

Hezur hezearen keak
Usoak alhatzen
Printzesak negar egin du,
Maitea, hala zen
Buckimgam Palacen

Apokeriak

 

Maitasunaren arlote
Igelek hala diote
Mihi gaiztoek naute bihurtu
Apo nintzena apote

Bele samaldak artotan
Gezurra dabil ahotan
Akelarrean ari nintzela
Serorarekin apotan

Ba omen daukat pozoina
Berotzen duena soina
Apoa lehertu nahirik jaso du
Lancre jaunak bere oina

Beltza da gaur gauerdia
Sarobean da ardia
Torturatuak salatu du nik
Jan dudala ilargia

Apoen apokeriak
Ez dira oso berriak:
Nik jango ditut, nik jango ditut
Konde-kondesen begiak

Alerik gabe lokotxa
Mamirik gabe morkotsa
Makilka eman digute baina
Entzuten da apo-hotsa
Auzoan daukagu lotsa

Putzu guztiek dute hondoan apoa

 

Kazan hiritik zabal pasatzen da Volga
Popeak agurtu du ostikoz apoa
Kosako zuri denak daitezela olga
Pikutara joan da sobieten aroa

Lisboako zubiak edertzen du Tejo
Pessoa lagun zaharra bildu du apoak
Tabernara kantari zabuka dute jo
Poetarik onena ontzen du ardoak

Luisianako lurretan dator Mississippi
Ibai hori begitik sortu du apoak
Zuri ez delako ta badelako ttipi
Kukluxklanen bisita dauka gizajoak

Ai putzuak beteak ez baleude apoz
Nork emango lioke bizitza honi poz?
Penak uxatzen ditut eskusoinua joz
Nahiago baitut bizi ahuspez baino hauspoz!

Parisko jauregiek behar dute Sena
Versallesko loreek bezala apoa
Komunako iraultzan gorri izan zena
eskuin aldera dator oker du zangoa

London aberasteko dago Tamesia
Ate denetan jo du lan-eske apoak
Robin Hoodek aspaldi hautsi du gezia
Orain beste beso bat behar du arkoak

Alkairo zikin hartan isurtzen da Nilo
Alaren urrikia otoi du apoak
Pobre sortu den horrek inon ez du giro
Hanka bat lehertu dio Aliren autoak

Ai putzuak beteak…

Buenos Airesen bada Rio de la Plata
Bazter hartatik dago oihuka apoa
Ura badauka baina zilarra du falta
Piazzolak bezain triste jotzen du tangoa

Baionan itsasora zabalik Aturri
Hemen ere bizitzen lan dauka apoak
Egalitatez labur libertatez urri
Ez baitira zilegi hark dauzkan asmoak

Amazonas Danubio Ganges Po Zanbezen
Mundutxo hau denean nahiko txarto doa
Baina ez dezagun gal esperantza ezen
Putzu guztiek dute hondoan apoa

Ai putzuak beteak…

Bizi nauen utopia

 

Bada munduan hamaika zatar
Hala sortuak kantura nakar
Aitortzen dizuet zintzo
Nik sekretu bat daukat ordea
Entzun nahi dutenentzat gordea:
Ederraz nauzue mintzo

Basatzetan bizi nintzelako
Su garbi batek behetik gorako
Gogor egin zidan bultza
Barka nazazu banabil trakets
Egunero dut egiten amets
Heldua dela iraultza

Noizbait sutuko dira epelak
Ikasi beharko du igelak
Zertan dabilen apoa
Munduko jopu guztien maitez
Luzituko dut egunen batez
Printze gorrien koroa

Ez baldin badit egiten uko
Ene musuak du esnatuko
Ipuinetako lotia
Maitemindua nago ederraz
Ez dut usteltzen utziko erraz
Bizi nauen utopia
(Horrek galduko nau, beraz)

Ipuina eta kantuen hitzak: Koldo Izagirre.
Kantuen aurkezpena: Koldo Izagirre.
Eskusoinua: Joseba Tapia.
Ahotsa: Joseba Tapia.
Hanka hotsa: Joseba Tapia.
Marrazkiak: Pablo Galarraga.
Teknikariak: Jonan Ordorika eta Anjel Katarain.

Literatura eta musika biltzen dituen liburu-diska. Koldo Izagirre idazlearekin batera burututako egitasmoa da. Harek sortutako ipuinari Joseba Tapiak musika jarri zion, bere bakarkako aurreneko lana den honetan. Marrazkiak Pablo Galarraga artistarenak dira. Apoaren edertasuna bihurrikeria zoragarria da margoz, musikaz, hitzez.

Entzun:

Spotify

Apoaren edertasuna

Artist : Joseba Tapia + Koldo Izagirre
Format : CD