Hitzak

Xoxoaren haserrea

Hitzak eta musika: Félix Lecrec, 1972

Semea kexu dut
Jainkoan ez nigan ez du ia sinesten
Sartzen ahal ez den
Diruzko elizek, hitz eder jabeek
Gatibu daukaten seme hautsia dut

Seme biluzia
Bere aita bezala, zamatsu
Segalari langabe maizter da bere herrian bizi
Ez zaio geratzen paisaia eder bat
Eta onartzen ez duten hizkuntza besterik

Seme jazarria, zapaldua dut
Bihar bilaka daitekeena hiltzaile
Orduan izutu naiz oihuka
Otoi laguntza eske:
Pareko auzoa etorri da
Arrotz gordin zorrotz
Semea hiltzeko behinik betiko
Erraiak hausteko bizkarra
burua mokoa hegalak xoxoa… a!

Semea preso dut
Eta nabaritzen dut
Nire erraietan
Aspaldiko partez
Urratu batean
Hezur eta larru
Pizten haserrea!

Madrilgo lagunak

Hitzak: Bitoriano Gandiaga, 1977
Musika: Joseba Tapia

Guztitariko lagunak
nituen egin Madrilen
guztitariko lagunak.
Ongi hartzen gaituzte
euskaldunok Madrilen.

Eskuineko zenbait lagun
egin nuen Madrilen
eskuineko zenbait lagun
ezkerreko adiskide
zenbait ere egin nuen.

Guztitariko lagunak
nituen lagun Madrilen.
Guztiak haserretu
zaizkida bat-baten.
Ez dut izan erraza
pasarte hau Madrilen.

Euskaldunok jende gisa
atsegin gara Madrilen
baina ez euskaldun gisa
ta hala haserretu ginen
euskal arazoz larriki
mintza bainintzaien.
Harrez gero agurra
ukatu zidaten
lehenengo eskuinekoek
ezkerrekoek ondoren.
Ez dut izan gozoa
pasadizo hau Madrilen.

Gerora adiskidetu
izan gara noizbaiten
baina oraindik ez dakit
zer arraiotan ez duten
euskal arazoz mintza nakien
aurpegi hobez onhartzen.

Putzuz putzu

Hitzak: Koldo Izagirre, 1998
Musika: Joseba Tapia

Putzuz putzu nabilela
Amorruan puztuta
Dinostan igela
Amorruan puztuta
Patxadari naun aspaldion
Emana gibela

Malko garratzenen ura
Dator ene putzura

Jauzika zakinat oinez
Amorruan jauzika
Urrunaren minez
Amorruan jauzika
Pausoz pauso hobe nukeela
Ez nezaken sinets

Malko zintzoenen ura
Dator ene putzura

Zikina dinat aztarna
Amorruan zikina
Bideetan barna
Amorruan zikina
Ni ez bainaun lotsa sartzeko
Gorotzetan hanka

Malko garbienen ura
Dator ene putzura

Gainezka dinat likina
Amorruan gainezka
Igelen higuina!
Amorruan gainezka
Izerditu gabe ez nagon
Ni libro egina

Malko ederrenen ura
Dator ene putzura

Apalik nabilen pozez
Amorruan apalik
Dinonat bihotzez
Amorruan apalik
Munduak ni beharrago nain
Hi baino askozez

Malko beroenen ura
Dator ene putzura

Zakarra naun ni larruan
Amorruan zakarra
Azal ‘ta barruan
Amorruan zakarra
Halare gozo ikasiko dun
Nirekin marruan

Malko eztienen ura
Dator ene putzura

Kli-klu egiten dinat hitz
Amorruan kulunka
Zenbait mezu likits
Amorruan kulunka
Ez ninake hain garbi egingo
Berbaduna banintz

Malko gordeenen ura
Dator ene putzura

Malko eztienen ura
Malko beroenen ura
Malko ederrenen ura
Dator ene putzura

Malko garbienen ura
Malko zintzoenen ura
Malko garratzenen ura
Dator ene putzura

Maitez

Hitzak eta musika: Paul Piché, 1983

Urtarats gaua da
Tantiru lagun lanliruli
Urtarats gaua da
Dugun alda maitez
Dugun alda maitez lagun
Dugun alda maitez

Alda zak nahi baduk
Tantiru lagun lanliruli
Alda zak nahi baduk
Nik neurea diat
Nik neurea diat lagun
Nik neurea diat

Begiak laztan ditik
Tantiru lagun lanliruli
Begiak laztan ditik
Eta ezpainak gorri
Eta ezpainak gorri lagun
Eta ezpainak gorri

Pot baten ebastea
Tantiru lagun lanliruli
Pot baten ebastea
Ezti litzaidakek
Ezti litzaidakek lagun
Ezti litzaidakek

Eztiago oraino
Tantiru lagun lanliruli
Eztiago oraino
Harekin sartzea
Harekin sartzea lagun
Harekin sartzea

Ohe zuri handian
Tantiru lagun lanliruli
Ohe zuri handian
Gandera argitan
Gandera argitan lagun
Gandera argitan

Alda ‘zak hik nahi baduk
Nik neurea diat

Biba Berango!

Hitzak: Gabriel Aresti, 1964
Musika: herriarena

apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango.

Munduan beste asko lez,
arta buruan oskolez.
Atzo aspertu nintzaden
maisuez eta eskolez.

Poeta naizen ezkero,
eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero.

Ilargiaren adarrak:
handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak.

Zerutik dator harria.
Nundikan berriz argia?
Gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.

Martxoko oilar gorria,
inundik ez etorria,
goseak arintzearren
judu batek igorria.

Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak.
Oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.

Gure amonak esan dit:
aitak arnoa edan dik.
Joan zaitez tabernara
eta ekar zazu handik.

Euskeraren asturua
ezta gauza segurua:
Askozaz hobekiago
dabil munduan judua.

Eta hau hola ezpazan
sar nerila kalabazan.
Ipui txit barregarriak
kontatu nituen plazan.

Real politik

Hitzak: Koldo Izagirre, 2005
Musika: Joseba Tapia

Entzun ezazu kontzejal jauna edo anderea:
badakizu dakizunez
nazkatu gara ogi lizunez
ez dugu nahi gosaldu albiste ilunez.
Gure plazan gauero eguzki betea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen borroka lurrina
lepokoan zeukan ikurriña.

Entzun ezazu alkate jauna edo anderea:
presa berririk ez arren
ederto goaz azkengarren
ez zaigu ardura berandutu arren.
Bareari berea, hori da legea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen aberri lurrina
balkoian zeukan ikurriña.

Entzun ezazu sailburu jauna edo anderea:
ez dugu maite ardaila
bihar joko dugu bataila
Goliatek proba dezan Daviden habaila.
Handiak txikitzea da gure xedea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen ikara lurrina
paparrean zeukan ikurriña.

Entzun ezazu lehendakari jauna edo anderea:
herriak zuri emana
ez baita nolanahiko zama
hartzen dituzun lanak ditzagula bana…
Zuretzako botoa, guri boterea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa!
Ederra zen haserre lurrina
bihotzean zeukan ikurriña.

Entzun ezazu jaungoiko jauna edo anderea:
zugana gatoz itsuan
mundu triste honen izuan
zenbatean etxeak hor paradisuan?
Zure artaldekoa da euskal aberea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa.
Ederra zen gezurren lurrina
hodeietan zeukan ikurriña.

Entzun ezazu deabru jauna edo anderea:
gozamenaren azkura
aspaldi zeharo galdu da
hemen behar dena da zure diktadura
parrilan erretzeko Kristoren jendea!

Berak ezin zuen ezer egin
ez zen bere eskumenekoa
baina ados zegoen gurekin:
doan eman zigun bost… ekoa.
Ederra zen porroten lurrina
errautsetan zeukan ikurriña.

Paris-Dakar

Hitzak: Eneko Barberena, 2004
Musika: Joseba Tapia

Zergatik ez dakar Dakar Paris-Dakarrek?
Zergatik darama Paris Dakarrera?
Dakarrik ez dakar
desertuko haize lehorrik ez dakar
palmondoen fruitu gozorik ez dakar
gamelu karabana luzerik ez dakar.
Paris darama Dakarrera
Pariseko zaborra
Pariseko hautsa
Pariseko farolen argia
Europarron zilborra
Sahara bera baino handiagoa da

Harri gainean lotan

Hitzak: Luis Rezola, 1937
Musika: Joseba Tapia

Zenbat metroko lekuk dauden barrenean
beldurtu naiz neurriak hartu ditutenean:
hiru eskas luzean ta bi zabalean
behetik gora bi terdi daduzka danean
ta lotako sei lagun gaude gehienean.

Egurrezko atea txapez forratuta
azkazalekin dago dana urratuta.
Erdi-erdin txulo bat dauka zulatuta
kanpora begiratzeko idea sortuta
barrengoak nahikoa gaude izorratuta.

Koltxoirikan ez daukat, manta bat bakarrik
harri gainean lotan ikusten ditut gorrik.
Altzairuaren gisa dauzkat bizkar gorrik
ta gau erdi baino lehen ezin hartu lorik
goizaldera egunero esnatzen nau zorrik.

Horra gela batean sei lagun Dueson
hiru donostiar ta hiru tolosar on.
Atzo bi joan ziran, premia bazegon
halaz guztiz beste lau lasa ezin egon
nik beste inork ez daki hemen nola nagon.

Askatasunaz

 

Joxe Mari Lopetegi, 1931
Musika: Joseba Tapia

Zer buruzbide bihotz gabe
zer anaitasun zitala
zer gizontasun neurri gabea
zer zentzu gabeko ergela
zer gertatzen da Euskal Herrian
zerk garabiltza honela
zer itxuretan anai jatorrak
zer pakez ezin gaudela
zer esan nahi du jarraikera honek
zer, zentzu gabeak gerala

Nun gertatu da honelakorik
nun jaunak, nun, Azpeitian,
jesuita ta erlijiua
besterik ez dan tokian
Askatasunaz gaudezelako
lau lagun aruntz joan ginan
gure barrengo fede leiala
aitortutzera hitz bian
ekin ziguten laueri milak
guztiz modu itsusian

Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nahiean
udazkenean nola enarak
alanbrearen gainean
hitz bat egiten utzi nahi ezik
modurik okerrenean
odolean ezin irukirik
min zutela barrenean
beldur ziraden bihurtutzeko
norbait gure esanean

Garate jauna Bergarakoa
euskaldun jatorra berez
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nahi ez
heldu zioten zamarretikan
lau puska egin beharrez
Santakruz zanan odol beretik
nazi dira gure ustez
Aita Inazio sortu herrian
bihotz onekoak daudez

Gomendio zan honen laguna
jaun on bat oñatiarra
hotzikan gabe laja diote
gizajoari bizkarra
tira ta bultza hautsi zioten
soinean zeukan zamarra
ekustearren zeinen pizkorra
berez dan azpeitiarra
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrila txarra

Mila baziran lau zatitzeko
ez al da lotsa euskalduna
atzerrietan ai zer fama guk
ekusi behar deguna
hau al da lege erlijiuak
erakutsitzen dizuna?
Modu horretan baldin badabil
maltzurtzar bihotz-astuna
bide hortatik ez da etorko
Euskadin Askatasuna.

Himno patriotico para los voluntarios realistas vasco-navarros dedicado al excmo SR Marques de Valdespina

(G. de I.-k musikatu zuen, galdu egin da)
 T. Z., 1869

Sua, bai, euskaldunak, sua Luziferri;
etzaiteztela izan horren errukarri;
beltzak ekarri zuten horixen txit larri,
gerra, mutillak, gerra jende faltso harri.

Ea bada abiya, gipuzkoatarrak,
zuekin datoz Bizkai eta arabarrak;
batutzen dira ere txit gogoz nafarrak,
kentzeko Españatik betiko negarrak.

Libra zagun, mutillak, España lepratik,
harturik hontarako fusillak bertatik;
ekarriko dizkigu pakiak gerratik,
poztutzen dala oso mundua gugatik.

Españan española da Don Karlosena,
ekarri zagun hura ahal degun lehenena;
konfiantza jar zagun oso harentxena,
berak emango digu gustorik onena.

Biba, biba, biba, gure Jaungoikua,
biba, biba, biba, Aita Erromakua;
biba Karlos errege Españiyakua,
biba Don Karlos eta jende bertakua.

JOSEBA TAPIA: kitarra elektrikoa, baju elektrikoa, programazioa, eskusoinua, ahotsa
IKER URIARTE: jazpana
IÑIGO TELLETXEA: baju elektrikoa

GONBIDATUAK

Dani Narbarte: eskusoinua
Maider Ansa: koruak
“Morau” Andoni Tolosa, Txuma Murugarren, Beñardo Goietxe: koroak
“Txus” Jexux Aranburu: organoa

Grabazioa: Katarain estudioak, 2017ko uztaila
Soinu arduraduna: Jonan Ordorika
Mastergintza: Jonan Ordorikak, Mamia estudioetan
Diseinua eta irudiak: Ruben Suarez
Azaleko argazkia: Kepa Gonzalez
Gitarra konpontzailea: Xabi Luberriaga

Entzun:

Spotify

Besamotzak

Artist : Joseba Tapia
Format : CD