Hitzak

Soinuak duena

Musika: Joseba Tapiak
Hitzak: Xabier Amurizak

Egunez eguneko
gauean gaueko
ez gabiltz ondo baina
nahi baino hobeto
kantatzen dugu zuek
ongi izateko
bestela ez ginaden
ohetik jaikiko.

Ilargiak atzetik
darama iluna
goizean jeikitzean
laino zen eguna
kantatzen hasi eta
argitu da dena
zer ote da maitea
soinuak duena.

Biba Berango!

Hitzak: Gabriel Arestik, 1964
Musika:Joseba Tapiak

apur dezagun katea
kanta dezagun batea
hau da fandango
biba berango.

Munduan beste asko lez,
arta buruan oskolez.
Atzo aspertu nintzaden
maisuez eta eskolez.

Poeta naizen ezkero,
eztut zerurik espero.
Bederatzi kopla ditut,
lau zuhur eta bost ero.

Ilargiaren adarrak:
handik zintzilik abarrak.
Gogoangarriak dira
zure bi begi nabarrak.

Zerutik dator harria.
Nundikan berriz argia?
Gau ilun honetan dakust
zure aurpegi garbia.

Martxoko oilar gorria,
inundik ez etorria,
goseak arintzearren
judu batek igorria.

Goizaldean eguzkiak
printzak daduzka bustiak.
Oso merke saltzen dira
euskaldunaren ustiak.

Gure amonak esan dit:
aitak arnoa edan dik.
Joan zaitez tafernara
eta ekar zazu handik.

Euskeraren asturua
ezta gauza segurua:
Askozaz hobekiago
dabil munduan judua.

Eta hau hola ezpazan
sar nerila kalabazan.
Ipui txit barregarriak
kontatu nituen plazan.

Aritmetika arazoak

Hitzak: Koldo Izagirrek
Musika: Joseba Tapiak

Zenbat lurralde ditu
Gaur Euskal Herriak?
Euskadik adina bai
Balitu erdiak!
Zenbat euskaldun ditu
Gaur Euskal Herriak?
Ez lirateke gutxi
Balitu erdiak!
Zenbat aditu ditu
Gaur Euskal Herriak?
Ez ote luke hobe
Balitu erdiak?
Zenbat aurkari ditu
Gaur Euskal Herriak?
Herritarreko bosna
Balitu erdiak!
Zenbat maitale ditu
Gaur Euskal Herriak?
Erruz maitatu izan
Balitu erdiak!
Zenbat bekatu ditu
Gaur Euskal Herriak?
Ez luke barkamenik
Balitu erdiak!
Zenbat gobernu ditu
Gaur Euskal Herriak?
Behar baino gehiago
Balitu erdiak!
Zenbat arazo ditu
Gaur Euskal Herriak?
Asko samar oraindik
Balitu erdiak!
Zenbat galdera ditu
Gaur Euskal Herriak?
Nahiago nuke bihar
Balitu erdiak!
Zenbat erantzun ditu
Gaur Euskal Herriak?
Ai hobeki pentsatu
Balitu erdiak!

Vive, vive la liberté!

Anonimoa, 1869
Musika: Joseba Tapiak

Apez fanfarroi zenbaitek
desafioa bota’itek:
Karlos errege,
bortxaz bedere,
paratu behar ome’itek:
balore ona behaitek.

Apezak, zer nahi dezute
zuek errege bilatzen?
Partikularki
Karlos septimoz
nihor eztelaik oroitzen?
Hori bai zaiku txokatzen!
Ez dire apezak bakarrak,
baituzte lagun azkarrak;
haundimendiak,
ez galtzeagatik
lengo influjo ta indarrak,
egin dire karlostarrak.

Beti horien bizia
izan da hipokresia;
mundu guzia
umil-umila
beren eskura kartzia
da hoien lege guzia.

Bonuak eta graduak
dirutan ttuzte hartuak:
hek ezin kobra,
hok ez balio
Karlos errege egin arte;
esperantza ona daukate.

Galduagatik diruak,
badute konsuelua:
paper oiekin
egin dezakete
gibeleko serbiziua;
horra deskite modua.

Apezaren misionia da
bakea erakustea;
ez partiden bat
armatu eta
bera aitzindari atera,
gerra zibila piztera.

Fede onez kunplitzea
nork bere obligazionia,
makurrik gabe
geren dretxoak
elkarri respetatzea,
hori da libertadea.

Obispo eta kanonigo,
apez eta fraile,
zuek gurekin
oihu egin zue
zintzurrak larrutu arte:
Vive, vive la liberte!

Zeruko hauspoa

Hitzak eta Musika: Joseba Tapiak

Botoiak azkartu ‘ta
burua uzkurtu…
Inpernuko Hauspoa
zer zaigu bihurtu?
Bihurtu burua uzkurtu…
Herriaren ardoa
ederki da urtu!

Sega zorrotza zena
apaingarri saldu:
froga ugari dago
nahi bada azaldu.
Azaldu apaingarri saldu…
Salmentak hondamena
ekarri ez al du?

Ergelkeria hartzen
dugula ahotan
auzo-lotsa ematen
gabiltza askotan.
Askotan dugula ahotan…
Paga merezi dugu
ez kantatzekotan!

Kamustu zaigulako
koplaren eztena
egiatzat hartu da
gezurra ez dena.
Ez dena koplaren eztena…
Trikitixak horrela
hurbil du azkena.

Aspaldi galdua da
Elgetaren kasta:
edertasuna baino
nahi’o arrakasta!
Arrastaka Elgetaren kasta…
Halako morrontzatik
gaitezela aska!

Châteauguayko bataila

 Hitzak eta musika: Raymond Lévesque-k, 1965

Sinetsi ala ez sinets
Jaun andreok otoi entzun
Ni Châteauguayn izan nintzen
Bi mende direla egun

Asko hitz egin da naski
Bataila gogor honetaz
Nik erranen dut zehazki
Nola gertatu zen benaz

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Goizean geunden guztiak
Lezoietan satorturik
Sallaberry koronela
Aldiz harkaitzean zutik
Vermongo hegoaldetik
Tronpetak zuenean jo
Koronelak oihuka: “Su!
Erre dezagun
Louis Armstrong!”

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Bi tiro bota ondoren
Gelditzen ginen bakean
Normala zen bezala
Tratua behar zen egin
Orduan gazte xarman bat
Heldu zitzaigun Seven-up
Chevrolet eta ice-cream
Hitz gozotan eskaintzerat!

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Bazkalordua heltzean
Akabo zen gure gerra
Norbait igortzen genuen
Hot-dog eta likoreka.
Han ez zela falta ezer:
Patatekin hanburgerra!
Beharrik lagungarritzat
Bagenuen alka-seltzer…

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Eguerdi aldera ziren
Entzuten protesta-hotsak:
Gutiegi ginelako
Ez genuen ordezkorik.
Baina koronel airosak:
“Lanari gaitezela lot!”
Ta gure akuilatzeko
Oparitu zigun Charlot

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Dudamuda zen bataila
Koronelak txit abilki
General yankitarrari
Gutuna zion bidali
Esan zion “Behazak Bill
Debaldetan ari gaituk
Hemendik ehun urtera
Hire duk dena diru-truk!”

Châteauguayn zen erakarri
Etsai gaiztoa onera
Gora gure buruzagi
Sallaberry koronela

Barruti honen larretan

Hitzak: Mikel Mendizabalek
Musika: Tapia eta Leturia Bandek

Barruti honen larretan
pozik sartu gera bertan,
lan tresnak hatzaparretan
eta begiak arretan.
Aurrekaldera begira:
ezpain sutsuen desira,
ta hortz zurien dizdira
elkar jaten ari dira.
Zapatila ta zapatak,
zerrautsetan zalapartak,
nahiz izan asmo ausartak
lurrean ibili hankak.
Sapaian kea nagusi,
lainopean gaude kasi,
kezkak badoaz ihesi
begiradekin nahasi.
Hormak dauzkagu ixilik,
ixilik baina bizirik,
hainbat erropa zintzilik
ta gorputzak itsatsirik.
Leihotan lurrun zuria,
hotz-beroen ixuria,
kontrasteen irudia
ispilu bat degu ia.
Komoneko ate ertzak,
larrialdi eta presak,
itxoin ezan, itxoin ezak!
ondo zaindu lore beltzak.
Musikaren zurrunbari
keinuka hainbeste argi,
ez al gera eskainka ari
gorputza eromenari?
Usain gozoen lurruna,
belar erreen lizuna,
izerdi-garraztasuna,
hau sudurren osasuna!
Barra gaineko antsia:
dantzatuz edalontzia,
uxatzeko tristezia
atera anestesia!
Hauxe da gure plaza.
Hauxe da gure festa.

Irla han da

Hitzak: Joxerra Garziak, 1991
Musika: Joseba Tapiak

Belauntzi arina da maitasuna
zatoz nerekin
itsasoan barrena
urrutira
joan behar dugu
urrutira
beste olatu batzuk
beste arroka batzu
kolpatzen dituzten ertzera.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
inon-ezko parajean.

Arantzarik gabeko larrosen gainean
eginen dugu lo
baldin bazatoz
urrutira
haizeen sorleku
urrutira
inoiz inongo penak
maitaleon bihotzik
tristatzen ez duen tokira.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
inon-ezko parajean.

Maitale zapuztuen arima erratuak dira
itsaso honetako olatuak
ez datoz inongo
urrutitik
ez doaz inongo
urrutira
naufrago triste hauek
hilobi bila doaz
ertzik ez duen irlara.

Irla han da
urrutian
amets guztiak egia diren
ametsezko utopian.

Lo kantu liluragarriak kantatuko dituzte
lamiek guretzat
kresala zipristinduaz
urrutian
hain hurre dukegun
urrutian
irla galdu bat baizik
ez duzu zoriona
belauntzi hautsien itsasoan.

Inork nahi ez dun etxea

Hitzak: Luis Rezola “Tximela”-k
MUSIKA: Joseba Tapia

Dueso
nola ez bainauzun ondo jaso
nere ordez besteren batek
maiteko zaitu akaso.
Honuntz datorrenak txar pauso
hanka sar zuloan ta gora beso.
hesi eta lazo, zu ilun baso
daduzkazu ehundaka gaixo
zutzat nago hasarre oso.

 

Izan ta zera ta izango zera
inork nahi ez dun etxia.
Ai, Dueso gaizto
oraingoz asko
zure izena jetxi da.
Biok alkar hartzia
ezetz nago etsia.
Maitasunikan bildu ez
hementxe nago noiz lepotikan
helduko nauzun beldurrez.

Gau
inork nahi ez hau.
Ateak itxirik
danok ixilik
egon arren esna.
Nere barrena oso lasa ez da
betiko bada kezka.
Hau demontrezko festa!

Hara, bat-batera, norbait atera.
Errezelua.
Gaur ere pikota joan da nere lua.
Aizak, Andoni: bi dituk.
Bai. Hor zeudek geldituk,
ta gu iletaino bildurtuk.
Ixo, ixo! Giltzaren soinu!
Hau dek lana! Alkarri kinu.

Putzu guztiek dute hondoan apoa

(Apoen nazioartekotzaren ereserkia)

Hitzak: Koldo Izagirrek
Musika: Joseba Tapiak

Kazan hiritik zabal pasatzen da Volga
Popeak agurtu du ostikoz apoa
Kosako zuri denak daitezela olga
Pikutara joan da sobieten aroa

Lisboako zubiak edertzen du Tejo
Pessoa lagun zaharra bildu du apoak
Tabernara kantari zabuka dute jo
Poetarik onena ontzen du ardoak

Luisianako lurretan dator Mississippi
Ibai hori begitik sortu du apoak
Zuri ez delako ta badelako ttipi
Kukluxklanen bisita dauka gizajoak

Ai putzuak beteak ez baleude apoz
Nork emango lioke bizitza honi poz?
Penak uxatzen ditut eskusoinua joz
Nahiago baitut bizi ahuspez baino hauspoz!

Parisko jauregiek behar dute Sena
Versallesko loreek bezala apoa
Komunako iraultzan gorri izan zena
Eskuin aldera dator oker du zangoa

London aberasteko dago Tamesia
Ate denetan jo du lan-eske apoak
Robin Hoodek aspaldi hautsi du gezia
Orain beste beso bat behar du arkoak

Alkairo zikin hartan isurtzen da Nilo
Alaren urrikia otoi du apoak
Pobre sortu den horrek inon ez du giro
Hanka bat lehertu dio Aliren autoak

Ai putzuak beteak…

Buenos Airesen bada Rio de la Plata
Bazter hartatik dago oihuka apoa
Ura badauka baina zilarra du falta
Piazzolak bezain triste jotzen du tangoa

Baionan itsasora zabalik Aturri
Hemen ere bizitzen lan dauka apoak
Egalitatez labur libertatez urri
Ez baitira zilegi hark dauzkan asmoak

Amazonas Danubio Ganges Po Zanbezen
Mundutxo hau denean nahiko txarto doa
Baina ez dezagun gal esperantza ezen
Putzu guztiek dute hondoan apoa

Ai putzuak beteak…

Trikitixa: Joseba Tapia
Tronpeta: Jon Celestino
Saxofoia: Ibon Irixoa
Tronboia: Asier Ituarte
Koroak: Leire Berasaluze, Nerea Erbiti, Kristina Aranzabe
Organoa: Jexux Aranburu “Txus”
Kitar apala: Iñigo Telletxea
Jazpana: Iker Uriarte
Gonbidatu berezia: Xabier Leturia
diskoa erosteko, hona idatzi: aguraizpuru@gmail.com

2019ko urriaren 25ean Usurbilen zuzenean grabatua
Mamia Estudioak masterra
Esker bero bat Ramon Rezolari
Soinu injeniaria: Jonan Ordorika
Grabazioa: Peio Gorrotxategi
Masterizazioa: Mamia
Diseinua: Jokin Eizagirre “Txitxo”
Maketazioa: Asier Izagirre
Koordinazioa: Agurtzane Aizpuru, Unai Lobo

HARTUA ZOR DA:

Noaua-koei, Mikel Alkortari, Kepa Gonzalez, Gurutze Susperregiri,
Kerman Errekondori eta Aitor Narbaizari
Unai Lobori, Julen Leuzari, Garazi Petrirenari, Iñar Sastreri
Garaziri, Maleni eta Agurtzaneri

Entzun:

Spotify

TranpAldo

Artist : Joseba Tapia
Format : CD