diskoz disko
Gaztelupeko Hotsak, 1998
APOAREN EDERTASUNA
Ipuin honek ipuin onek bezala hasi behar luke, eta ipuin onek Jainkoa behar dute, ipuinetako agure gaizto hori. Halaxe du hasiera, beraz, ipuin on honek ere: izaki guztiak sortu zituenean, Jainkoak ospatu egin nahi izan zuen bere balentria, eta berbena bat antolatu zuen goiko mandioan, abere guztiak gonbidatuta. Baina bazen kermezarako deiak sobera poztu ez zuen abere bat. Saia hurbildu zitzaion, anker, gitarra berria bizkarrean zekarrela.
— Kaixo, lagun, tristealdia daukagu? Deprimiturik zaude?
— Bai... nik ezin dut hegan egin, eta inork ez nau eraman nahi...!
Egizue kontu, lagunok, apoak bazeukala arrazoirik triste egoteko, apoa ez baita edozein hegazti, apoa basatzetako urretxindorra da, eta ez daki hegan.
Bada munduan hamaika zatar
Hala sortuak kantura nakar
Aitortzen dizuet zintzo
Nik sekretu bat daukat ordea
Entzun nahi dutenentzat gordea:
Ederraz nauzue mintzo
Saiak ez entzunarena egin zuen, barre ziztrin bat baino ez zion opa apoari. Hegalak zabaldu zituen, eta ornodun zatarrari bizkarra emanez zeruan gora abiatu zen, motel eta harro.
Hodei gainetara iritsi zenerako hamalau asto hasiak ziren tronpeta jotzen, baina hegazti handi eta lepagorri hura gitarraren hariak laztantzen hasi zenean, isildu egin ziren denak. Saiak, satisfos, mokoa zabaldu zuen lehen hitzak esateko, baina horra non begihandi xapal bat ageri den jauzi eginez gitarraren ahotik.
Irri eta algara hartu zuten denek apoaren agertze xelebre hura, eta handik harat hegan ez zekien urretxindorra egin zen berbenaren jabe bere hauspoarekin: jauzi eta dantza, oihu eta kluka, triste zeudenak irri-malkotan eta pozik zeudenak negar-malkotan jarri zituen bere kantu alai eta sentimentalekin. Apoa izan zen, apo zatarra, jaialdi hura zoragarri egin zuena. Jainkoak berak ere, hodeietako agure gor horrek, algara handiak egiten zituela txalotu zion despedidako porrusalda:
* * *
Azpeitiko mutila
Inazio donea
Zenbait atso gazteri
Jasoa gonea
Ai zer gonorrea
Inazio donea
Herriaren lepotik
Mila marabedi
Loiolatarren kasta
Madarika bedi
Besteren izerdi
Mila marabedi
Oiñaztarren mutila
Han aurrean doa
Gaztelaren pausoan
Oina ta zangoa
Ederra zapoa
Han aurrean doa
Iruñan hartu zuen
Zangoko herrena
Nafarroa salduta
Etsaia barrena
Ez du okerrena
Zangoko herrena
Begira nola doan
Aldarera herren
Apostoluetatik
Jarria da hurren
Ifernuko Txerren
Aldarera herren
Orduan sortu zuen
Jaunaren armada
Munduko gerra zikin
Guztien ama da
Inon beltzik bada
Jaunaren armada
Jainkoaren aldeko
Beso armatua
Dolarrak aspaldian
Ongi xarmatua
Ustel xamartua
Beso armatua
Loiolan ageri da
Eder basilika
Zeruko zergazainek
Sakela kilika
Kristo zintzilika
Eder basilika
Hizketa leuna du
Kristoren morroiak
Sotana beltza baina
Zuriak sermoiak
Loiolan zer lohiak
Kristoren morroiak
Urolako lohietan
Kli-klu kli-klu kli-klu
Horra santu batenak
Gaur zenbait meritu
Inaziok baditu
Beste hainbat kli-klu
* * *
Bazetorren saia zeruan behera, motel eta haserre, txit haserre, gaupasa txar batetik datorrenaren bisajearekin. Horregatik egin zuen bezperan baino barre ziztrinago bat, barre ankerra egin zuen.
— Hegalik gabe, nola egin dezake batek hegan?
Apoa izutu egin zen gitarraren barruan. Eta orduan saiak apoa mokoan hartu eta lurrerantz abia zedila utzi zuen. Eta baieztatu ahal izan zuen hegalik gabe ezin litekeela hegan egin.
Apoa harriaga batean erori zen. Horregatik omen dauka, gizajoak, bizkarra kozkorrez betea.
Nik hala ikasi nuen apoaren zatartasunari buruzko mito hau, baina askotan pentsatu izan dut saiak ez dakiela gitarra jotzen, eta menturaz beste amaiera bat behar lukeela hegaldi horrek. Bururatu izan zait saiak ez ote zuen, bere amorruan, gitarra jaurti, bazekielako apoa, endredatzaile lotsagaldu hura, barruan zeramala. Horregatik ez daki orain gitarra jotzen saiak, harriaga hartan apurtu zitzaiolako. Eta askotan pentsatu izan dut, saia dela benetako galtzailea gertatu honetan. Ez ote da aunitzez tristeagoa musika ezin egina, bizkarra garatxoz betea izatea baino?
Apalik nabilen pozez
Amorruan apalik
Diñonat bihotzez
Amorruan apalik
Munduak ni beharrago nain
Hi baino askozez
Ipuin onek printzesa bat eskatzen dute, eta hala dauka honek ere. Bazen behin, beraz, printzesa bat, eguzkiaren lehen printzak gazteluko leihoetan barrena sartzen direnean.
— Baina zer da hau!
Kondea mintzo da horrela, printzesaren aita. Esango didazue printzesaren aitak errege izan behar duela beti, baina egizue kontu guraso guztiontzat printzesak direla alabak. Printzesa honen aita, beraz, izaten ahal zen ikazkina edo saregilea edo zapataria, baina istorioak gaztelu bat eskatzen du, eta idazleak, ipuinetako Jainko gezurti horrek, printzesaren aita kondea zela erabaki du. «Baina zer da hau!» esan zuen beraz kondeak alabaren logelako atean, edo menturaz ez zuen deus esan, menturaz aho zabalik gelditu zen gizajoa, ahoa bete hagin, txantxarrak barkatu baldin bazizkion behintzat. Ez litzateke harritzekoa izango, egia esan, kondea hitzik ezin eginik gelditua: mutil gazte bat dauka ohean printzesak.
— Alaba maitea, zer egiten du mutil horrek zure ohean?
Printzesak nagiak ateratzen ditu, logureak dago, eguerdia arte geldituko zatekeen ohean aita azaldu izan ez balitz.
— Egunon, aita... Niri ari zinen?
Kondeak ezin du ulertu alabaren patxada.
— Baina, baina... mutil batekin zaude ohean!
Begiratzen du albora printzesak: egia da, barre inozo bat egiten dion mutil gazte ederra dauka ohean.
— A, hau?
— Bai. Hori eta bera! Nor da? Zer egiten du nire... zure ohean? Nongoa da? Nola sartu da? Zer... zer egin... zer egin dizu?
Alaba ere harritua dago, edo hala iruditzen zaio kondeari behintzat, baina neska hau, printzesa izan arren irakurtzen badakienez, ez da sobera harritzen mutil bat ikusita bere ohean.
— Ba... atzo arratsaldean jaso nuen putzutik.
— Putzutik? Suizidatu egin nahi zuen ala? Edo... pozoindu egin nahi zigun ura!
— Ez aita! Ikusi izan bazenu, hain polita zen...!
Kondea guztiz estonaturik dago bere alaba entzuten, printzesa oso neska apala eta sotila izan baita egundaino, gorteko zaldunei begiratu ere ez zien egiten, liburuetan ikasten eta izarak brodatzen ari izan da beti.
— Oso apo polita zen, gaixoa, igel isilen artean zegoen oihuka, maluren bat zeukan, eta nire gelara ekarri nuen kontsolatzeko!
— Apo bat? Esan nahi didazu hor, hemen, zure ohean... nire gazteluan! azaldu den gazte arrotz hau, apo bat zela atzo?
— Bai aita, hala zen, apo txiki bat zen, eta oso kanta malenkoniatsuak kantatzen zituen oso, oso tenderly.
* * *
Heure buruaz lotsa zatar ez bestea
Arin ezkutatzen haiz parte gaiztokoa
Somatzen baldin baduk
inoren pausoa
Gorrotagarria zaik ilargi betea
Beldurtu egin nauzu
aitortzen dut zinez
Harri baten azpian gorderik ardura
Edo baldarki jausiz edozein putzura
Hanka egin behar dut
zu maita ezinez
Apo, apo,
Isilik hago!
Kondearen alaba
Lotan baitago.
Inoren begirako egina ez hago
Bizkarra likin eta eztarria lakar
Ez duk harritzekoa bizitzea bakar
Zein erruren ordainez
sortu hintzen apo?
Nire itxura ez da ezeren zigorra
Nazka eman badizu nik daukadan antzak
Liluratuko zaitu ene kantu latzak
Ni naiz basatzetako ai urretxindorra
Apo, apo,
Isilik hago!
Kantari ematen duk
Itsusiago.
Hire kli-klu harroak ez zirudik hitza
Baizik deabruaren herrenaren hotsa
Hartzen baldin badiat
eskuan bostortza
Bertan isilduko haut bufo vulgarisa
Nik daukadan malura
nork lezake osa?
Bide bazter batean nindutela jaurti
Taupaka hasi nintzen
gauaren beldurti:
Ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza
Apo, apo
Isilik hago!
Ene zapatapean...
Isilik hago!
Apo, apo
Isilik hago!
Ene zapatapean...
Hi hilik hago!
* * *
Aitok, egia esan, zernahi onartzen diegu alabei, baina kondeak, hala ere, ezin zuen apo hura hain erraz irentsi.
— Alabatxo neurea... apoa deabruaren oiloa da!
— Ez aita, mutil honek printzeren bat izan behar du, sorginak begizkoa eginda apo bilakatua! Eta orain, printze bihurtua da berriz.
Horixe erantzun zion printzesak bere aitari, mutil batekin ohean harrapatu zuenean. Eta kondeak sinetsi egin zion, koitaduak ez baitzekien irakurtzen.
— Ez da posible!
— Bai aita, nik bart gabon esan eta musu eman nion. Printzesa baten musua behar zuen apotxoak, printze izatera etortzeko ostera. Ez dakizu sorginaren gaiztakeria printzesa baten musuak hausten duela?
Aitak halako durduzamendu bat izan zuen alabak apoari musu eman ziola entzun zuenean, aitek ikara berezia izaten dugu-eta alabenganako: printzesak direla uste dugu, gu erregeak edo kondeak ez izanagatik. Eta apo batek alabaren musua hartzeko adina meritu ez zeukala pentsatu zuen aita honek ere; baina berehala azaldu zen konde orok, guraso izan arren, barruan daraman estatu-morroia:
— Ederto, orain badaukagu printze bat!
Eta hasperen eginik, kondeak besarkatu egin zuen apo izutu batenak baino begi handituagoak ageri zituen mutil gaztea.
— Erretiratzeko gogoa ere badaukadanez, zu izango zara laster gure konterriko kondea!
Eta bart alabak baino zakarrago izan bazen ere, musu iletsu bat eman zion kondeak alabarekin ohean azaldutako mutilari. Orduan, ipuin honetan behintzat, apo izandako eta printze izateko mutila suntsitu egin zen.
Garrasi egin zuen printzesak eskua leihorantz luzatuz. Kondeak ozta ikusi ahal izan zuen apo txiki bat jauzi egiten arma plazara. Eta han ere jauzika jarraitu zuen begi bistatik ezkutatu zitzaion arte.
Musu guztiak ez dira berdinak: hori izan liteke pasadizo honen moraltasuna, ipuin onek behar duten bezalakoa. Baina beste ondorio on bat ere atera genezake ipuin honetatik: ez itzazula ipuinak gezurretarako erabili, egia bihurtzea nahi ez baduzu!
Apoen apokeriak
Ez dira oso berriak
Nik jango ditut, nik jango ditut
Konde-kondesen begiak
Apoen apokeriak
Putzuan ezkutatu zen gure laguna, sorlekuko oroitzapenak jasotzearren. Bere apotasun ahuldua sendotzeko premia ere bazeukan, dohakabeak, halako gau zoroaren ondotik. Oihu egin nahi izan zien lagunei itzulia zela, printzesaren ohean baino gozoago egoten zela lokatzetan, baina bazuen trabaren bat mihian: ile bat, ile bat ahoan, apoak ile bat zeukan ahoan. Konde jaunak musuarekin batera emana izango zela pentsatu zuen, baina ile kirru hura eskuan ikusi zuenean, zapore gazi bat itsatsi zitzaion haren lekuan, aho-sabaian, dastatutakoek ziotenez putzu handiko urak omen zuenaren antzekoa. Orduan ametsen baten akordua izan zuen, makaltasun gozo batek hartu zuen, urtu-behar handi batean sartu zen, kantari hasi zen ahaire delizius bat...
* * *
Hezur hezearen keak
Haizeari nora
Urrundik dator mendekuz
Doinu bat ahora
Kantuz nadin zora
Hezur hezearen keak
Zeruetan mezu
Soinuaren maisuari,
Maitea, errazu
Nork eman dion su
Hezur hezearen keak
Zerua nabarrez
Lausotzen dizkit begiak
Maitea, sugarrez
Baina ez negarrez
Hezur hezearen keak
Zabaldu dezala
Ni naizela, Drury, zure
Zureko ezpala
Anaia bezala
Hezur hezearen kean
William Drury datza
Hodeietan finkatzen da
Ametsen ardatza
Zer egia latza
Hezur hezearen keak
Usoak alhatzen
Printzesak negar egin du,
Maitea, hala zen
Buckimgam Palacen
* * *
Hotzikara batek zimurtu zuen istileko bakea, eta apoa ohartu zen kondearen alaba etor zitekeela berriro bere bila eta isildu egin zen, ez zuen printze bihurtu nahi, ez zuen ez gazteluetan ez jauregietan bizi nahi, putzu merkeetan bizi nahi zuen maizter, mundua ezagutu nahi zuen jauziz jauzi...
Hankak jaso zituen, bada, kondearen gaztelu hartatik. Jauzi egin zuen putzutik lehorrera, zilipurdika amildu zen gaztelua zegoen muinoan behera, egun osoan gelditu gabe jarraitu zuen ortuak eta soroak zeharkatzen jauzika, jauzika, jauzika... Barre egiten zioten lintzuretako igelek:
— Nora hoa hain larri?
— Printzesaren bat al daukak zain?
Arnas estuka gelditu zen baratze batean. Lekak biltzen ari zen neska batek ikusi zuen:
— Zer egiten duk hemen, sapitela?
Ostiko eman zion. Jauzi guztiek baino urrunago eraman zuen neskaren laztanak gure apotxoa, lorategi batean erori zen. Mustaxa urdineko agure ihar batek begiratu zion bekoz beko:
— Lukutzarra krabelinen artean?
Garaiz egin zuen jauzi: berak zapaldutako lurrean tinkatu zen arrosondoak inausteko labana berria. Ume batzuk jolasean ari ziren harrobi abandonatura eraman zuen izuak.
— Begira, kunkun bat!
Harrika ekin zioten, eta apoak hauspoa ongi puztuta egin zuen jauzi, haizeak urrun eraman zezan, festetako globo baten gisan.
Airez aire zihoala hausnar egin zuen bere artean, bazegoela gizakietan halako gorrotoren bat berarenganako; ez zuten begi puntan ikusi nahi, eta gainera apoa esan ordez kunkuna lukutzarra sapitela moduko berba itsusiak erabiltzen zituzten. Ez zegoen lasai, egia esan. Bere ihesean urrunegi ez ote zen heldu ere, pentsatu zuen.
Luisianako lurretan dator Mississippi
Ibai hori begitik sortu du apoak
Zuri ez delako ta badelako ttipi
Kukluxklanen bisita dauka gizajoak
Hirira iritsi zenean leher egina zegoen, hauspoan airerik gabe, gazteluko leihotik behera murgil egin zuenean patioan lehertua gelditu izan balitz bezala. Farola baten azpian geratu zen.
Argi ahula ematen zuen, espaloia baino ez zuen argitzen, ondoko lorategia ilunpean zegoen. Belarretan oso motel mugitzen zen argitxo bat somatu zuen gure apoak. Akitua zegoen, baina goseak ere bai. Azken jauzi bat egin zuen, eta ahoan harrapatu ahal izan zuen ipurtargia. Gero, har goxo hura ezpainetan zeukala, farolapera itzuli zen ostera ihintzetan bustitako hankak eta izuan blaitutako bizkarra lehortzera, epelean lo hartzeko. Bikote bat pasa zen.
— O, begira ezazu, txantxiku bat!
Eta apoari begira gelditu ziren biak.
— Txantxikua pipatzen! —oihukatu zuen neskak.
Beste goitizen bat, beste irain berri bat! Jauzi egin nahi izan zuen apoak, baina kuku eginda zegoen, gizajoa. Mutila makurtu egin zen berarengana. Eskua luzatu zuen.
— Kontuz! Ukitzen baduzu, eskua erreko dizu! Txantxikuek pozoina dute!
— Bai zera! Txiza egiten dute, pozoina bota dizutela sinets dezazun!
— Oñatira bidaltzea, onena!
Eskuan hartu zuen mutilak. Apoak ezin zuen txizarik egin, bere gorputz ahula urik gabe gelditua zen izerditzearen izerditzez. Mutila zutitu egin zen, neskaren aurpegi parera jaso zuen.
— Aaagh! Nazkagarria da! Zelako zatarra! Ikusi dudan gauzarik itsusiena da!
Neska hura, bistan da, ezagutza apurrekoa zen, edo munduari begira jarri gabea oraindik. Baina apoak barkatu egin zion, gaztetxoa zen.
— Ez, oso ederra da. Zenbat urte ote ditu? Ale heldua dirudi, ni bezalako arra da, begira. Musu eman behar diozu, printzesa bihurtzeko.
— Ken ezazu piztia hori nire begi bistatik!
— Ez zaitezela ergela izan. Ez dakizu apoaren bizkarreko likinak bufotemina duela osagarrietako bat?
— Bufotemina?
— Fister doktoreak esan zigun eskizofreniak baduela bere biokimika, eskizofreniko larrien gernuan bufotemina ageri omen da! Laugarrenean ikasiko duzue.
— Fister doktorea bai dagoela burutik!
— Benetan, Alice: apoari musu emandakoan, azaleko bufotemina geldituko zaizu ezpainetan, eta hura irentsita liluramenduak izango dituzu, frogatua dago. Printze bat ikusiko duzu zure aurrean, apoaren ordez.
Apoa, egia esan, bere buruaz beste egiteko zegoen: gazte haiek, antza, medikuntzako ikasleak ziren! Bibisekzio saioren batean ikusten zuen bere burua, kable batzuk giharretan lotuta Voltaren esperimentua egiteko. Baina sabela astun zeukan ipurtargia irentsi ondoren, eta logureak puskatzen zegoen.
— Nik musukatuko dut apoa aurrena, eta gero zu musukatuko zaitut nire ezpain likintsuekin, musu sataniko bat izango da...
* * *
Maitasunaren arlote
Igelek hala diote
Mihi gaiztoek naute bihurtu
Apo nintzena apote
Maitasunaren arlote
Bele samaldak artotan
Gezurra dabil ahotan
Akelarrean ari nintzela
Serorarekin apotan
Bele samaldak artotan
Ba omen daukat pozoina
Berotzen duena soina
Apoa lehertu nahirik jaso du
Lancre jaunak bere oina
Ba omen daukat pozoina
Beltza da gaur gauerdia
Sarobean da ardia
Torturatuak salatu du nik
Jan dudala ilargia
Beltza da gaur gauerdia
Apoen apokeriak
Ez dira oso berriak:
Nik jango ditut, nik jango ditut
Konde-kondesen begiak
Apoen apokeriak
Alerik gabe lokotxa
Mamirik gabe morkotsa
Makilka eman digute baina
Entzuten da apo hotsa
Auzoan daukagu lotsa
* * *
Aiztoak tenazak zerrak xiringak pintzak orratzak zeuzkan begi aurrean, Inkisizioaren ziega nagusian zegoela uste izan zuen apoak, akelarrean ibilia zela salatuta. Baina orduan farolapetik jaso zuen ikaslearen aurpegia ikusi zuen berari so, harro eta urduri, bere ehiza nola portatuko ote zen egin behar zizkioten frogetan. Bai, lagunok, Inkisizioaren ziega baino zatiaz leku okerragoan zegoen gure protagonista, biologiako aretoan zegoen koitadua, Voltaren tramankulurik ikusi ez zuen arren.
— Apoak erabilera desberdinak izan ditu herri medikuntzan. Buruko mina kentzeko apo larru bat lotu izan zuten bekokian antzinakoek; entzun izan dut haginetako minak gaudenean ona dela apo bati ahoa zabaldu eta tu egitea barruan; handituetarako, apoaren sabel hotzarekin igurztea komeni omen da... Baina tira, ez da hau gure gaurko gaia...
Gizon jakintsua zen Mobbgs doktorea. Gizon jakintsuek ibili ohi duten kalpar luze zuria zeukan, sorbaldarainokoa. Eta noski, sudurrean behera labaindutako betaurreko zahar batzuk zeramatzan. Erran gabe doa soinean zuen bata, zuria izandakoa zela.
— Gaur apo irakinaren printzipioa ikasiko dugu.
Pentsatzekoa da izu hotz batek hartuko zuela apoa, hori entzundakoan. Hanpatu zituen behintzat lepoko glandulak, baina doktore hura aditua zen, aurreko hanketatik heldu zuen. Untxi hil bat balitz moduan erakutsi zuen.
— Ura, irakiten dago?
— Bai, Mobbsg doktorea.
Ura borborka zeukan lapikora bota zuen gure ur-lurtarra. Zin dagizuet ez zuela hondoa jo behar izan jauzi egiteko, uraren kiskalgarriak berak goratu zuen sabairantz. Leihoko kristalean gelditu zen zapalduta lipar batez, gero lurrera erori zen, batetik bestera hasi zen punpaka zoro moduan. Ikasleak algara batean zihoazkion atzetik, elkarri bultza eginez eta mahien hanketan behaztopaka. Mahaietatik lurrera egin zuten hodien eta erretorten kristal hautsien artean ezkutatu zitzaien batrazioa, bufo vulgaris eremuan sailka genezakeen ale arra.
* * *
Putzuz putzu nabilela
Amorruan puztuta
Dinostan igela
Amorruan puztuta
Patxadari naun aspaldion
Emana gibela
Malko garratzenen ura
Dator ene putzura
Jauzika zakinat oinez
Amorruan jauzika
Urrunaren minez
Amorruan jauzika
Pausoz pauso hobe nukeela
Ez nezaken sinets
Malko zintzoenen ura
Dator ene putzura
Zikina dinat aztarna
Amorruan zikina
Bideetan barna
Amorruan zikina
Ni ez bainaun lotsa sartzeko
Gorotzetan hanka
Malko garbienen ura
Dator ene putzura
Gainezka dinat likina
Amorruan gainezka
Igelen higuina!
Amorruan gainezka
Izerditu gabe ez nagon
Ni libro egina
Malko ederrenen ura
Dator ene putzura
Apalik nabilen pozez
Amorruan apalik
Dinonat bihotzez
Amorruan apalik
Munduak ni beharrago nain
Hi baino askozez
Malko beroenen ura
Dator ene putzura
Zakarra naun ni larruan
Amorruan zakarra
Azal 'ta barruan
Amorruan zakarra
Halare gozo ikasiko dun
Nirekin marruan
Malko eztienen ura
Dator ene putzura
Kli-klu egiten dinat hitz
Amorruan kulunka
Zenbait mezu likits
Amorruan kulunka
Ez ninake hain garbi egingo
Berbaduna banintz
Malko gordeenen ura
Dator ene putzura
Malko eztienen ura
Malko beroenen ura
Malko ederrenen ura
Dator ene putzura
Malko garbienen ura
Malko zintzoenen ura
Malko garratzenen ura
Dator ene putzura
* * *
Ez kosta gabe baina, Aliceren mutilak harrapatu zuen iheslaria noizbait tenaza luze batzuekin. Mobbgs doktore handiaren laguntzaile gisa ikusten zuen bere burua, munduko farolapeetan apoak harrapatzen. Pozik zegoen, jakina, baina are zoratzenago zegoen Mobbgs doktorea.
— Ikusten? Ur irakinetan jartzen baldin badugu, apoak borroka egiten du, ahaleginak egiten ditu bere bizia salbatzeko, eta uretik jauzi ere egin dezake oinazeak eraginda. Bete ezazue orain lapiko bat ur hotzarekin.
Apoa arnas larrituta zegoen tenazaren haginetan, eta eskertu egin zuen —ez hitzez, jakina— uretan laga izana, han ez zen itoko. Egia zen gainera, ura hotza zegoen, ez zuen gorantz eragingo zion indar erregarririk somatu. Bazuen freskagarri baten premia, eta ur hartan gorde zuen burua.
— Orain sutan ipiniko dugu ur hotz hau... Eta karramarroak egosten diren bezalaxe egingo dugu apotxo atsegin honekin.
— Ura berotzen hasi baino lehen ipinita, eta gatza askorekin!
— Gatza ere bota liteke, jan egin nahi baldin baduzue gustu hobea hartuko du. Baina hauxe nahi dut ikustea denok: ura eztiro berotuko dugu eta apoa borrokatu gabe hilko da. Ura irakiten somatzen duenerako, berandu izango du, ahuldua egongo da, apurka apurka eman diogulako heriotza.
Arrainontzi txiki batean bezala zegoen apotxoa medikuntza fakultateko biologia laborategian, ikasleek espezie iraungi bateko ale iraunari bezain erne begiratzen ziotela. Bazirudien gozatu egiten zuela, gustura zegoela ur gero eta epelago hartan. Eta urpe hartatik ezin entzun ahal izan zituen Mobbgs doktorearen esplikazio interesgarriak...
— Apoa baldintza txarretan dago, bere bizia galduko du, baina bera ez da ohartzen, konprenitzen duzue? Ez du borroka egiten, ez du defentsarik sortzen, uste duelako ura eguzkiak berotzen duela, eta konturatzen denerako, hila dago, egosi egin da...
Aho zabalik zeuzkan ikasle guztiak jakintsu zoro hark. Gero, gure laguna lapikoan egosten zen bitartean eskuak ur hotzetan garbitzen zituela, Mobbgs doktoreak ikasturteko galderarik zailena egin zien laugarreneko ikasleei, apo irakinaren printzipioa, Esopo zaharraren ipuin bat izan balitz bezala, bere moraltasuna behar lukeen ipuina:
— Zuen iritzian, apo honen oraingo portaera, normala da, ala patologikoa da?
* * *
Bada munduan hamaika zatar
Hala sortuak kantura nakar
Aitortzen dizuet zintzo
Nik sekretu bat daukat ordea
Entzun nahi dutenentzat gordea:
Ederraz nauzue mintzo
Basatzetan bizi nintzelako
Su garbi batek behetik gorako
Gogor egin zidan bultza
Barka nazazu banabil trakets
Egunero dut egiten amets
Heldua dela iraultza
Noizbait sutuko dira epelak
Ikasi beharko du igelak
Zertan dabilen apoa
Munduko jopu guztien maitez
Luzituko dut egunen batez
Printze gorrien koroa
Ez baldin badit egiten uko
Ene musuak du esnatuko
Ipuinetako lotia
Maitemindua nago ederraz
Ez dut usteltzen utziko erraz
Bizi nauen utopia
(Uste horrek galduko nau, beraz)
* * *
Usain ederra zetorren, lapikoko goxoa zeukan zain abadeak. Gosetua heldu zen gainera, alorretan lanean ari ziren baserritarrei Jainkoaren bakea goiz guztian egunonka banatzen ibili ondoren. Eskaratzean laga zituen abarketak, zapatila xaharrak hartu zituen txinalka. Sukaldeko lurrin sarkorra kitzikagarriagoa egin zitzaion eskaileretan gora zihoala, eta seroraren berandu zetorrelako erasiari kasurik egin gabe su gaineko eltzeak sartaginak paderak kazuelak tupinak pertzak miatzen hasi zen, ohi zuen eran, ogi kozkor bat hartuta bustigarri.
— Ummm, eta hemen, zer dugu hemen?
Lapiko zaharraren tapakia altxa zuen, eta abade gulatu hark egin zuen garrasiak iratzarri zuen apoa heriotza zekarkion epeltasun hartatik. Ontziaren ezpainari atzaparra erantsita irtetea lortu zuen eginahalean. Sutako txapan erre zituen hanka zolak, eta inoiz egin zuen jauzirik luzeena egin zuen, eskaileretaraino. Abadeak paretako gurutzea bota zion «Vade retro, Deabruaren oiloa!» esanez, serorak erratza jaurti zion, zakurra xaxatu zioten... Apoa ozta salbatu zen, ateko katuaren zulotik egin zuen ihes jauzika, jauzika, jauzika.
— Nora hoa hain larri?
— Printzesaren bat daukak zain?
Jauzika, jauzika, jauzika jarraitu zuen sapitela lukutzarra kunkuna txantxikua esaten ziotenen oihuak entzun gabe. Atzean utzi zituen saiak eta printzesak eta kondeak eta bikote maiteminduak eta biologia aretoak eta abade jatunak. Antartida ez beste mundu guztiak ezagutu zituen bere jauzietan apoak, euskal dantzaririk onenak. Eta beti zegoen ostikoren bat, labanaren bat, erratz ukaldiren bat, harrika emateren bat...
Inork ez zuen ikusi puska batean. Ezkutatua zen, nonbait, harriren baten azpian. Baina morroilope eduki zutela ere, entzun zen.
Balada bat kantatzen behar dut nik hasi
Tedworth-eko kartzelan zer nuen ikusi
Enkargatu zidana orai ez da bizi
Aztia zelakoan zuten errarazi
Soinu berezi eta beldurgarri batzuk hasi ziren entzuten gauez, Oiñatiko kondearen gaztelu abandonaturiko putzuaren hondotik zetozen heiagora ilunak, abiadura motelegian jiratuko lukeen diska baten eran. Batzuek, irakurtzen zekitenek, apo maiteminduaren kantua zela esan zuten, printze izan nahi zuelako berriz; beste batzuek, zientziazaleek, Mobbgs doktorearen jarraitzaileek, soinu haiek haizeak sortzen zituela zioten, kainaberen barne hutsean behera urperaino sartzen zenean...
* * *
Balada bat kantatzen
behar dut nik hasi
Tedworth-eko kartzelan
zer nuen ikusi
Enkargatu zidana orai ez da bizi
Aztia zelakoan zuten errarazi
Inglaterra handia itsasoaz harat
Leku makurragorik
munduan ez da bat
Musikariak ditu hartzen matxinotzat
Nor ibilli da jotzen eskusoinua bart?
William Drury daukat nik
ponteko grazia
Mundura sortu eta Irlandan hazia
Eskusoinua jotzen umetan hasia
Makina bat herreni dantza arazia
Lord Hamilton jauna da
buruz iletxuri
Loa bildu ezinak jartzen du urduri
Hauspoa kendu eta giltzapera Drury
Soinugina ninduten soinu gabe utzi
Non jo ez neukan eta
hotzak atzamarrak
Lasto gainean lagun nituen kaparrak
Ez du giro izaiten hantxe irlandarrak
Dorrean jo zituen ezkilak hamarrak
Hamarrak jo orduko soinuak zuen jo
Druryk bezperan baino are ederrago
Gaua pasa genuen kantu eta txalo
Ingles haiek ordea nagi dantzarako.
Tedworth-en denek zuten
erraiten ai ene
Lord Hamiltonek eta
Lady zaharrak ere
Soinua omen zela soinuen errule
Ene hauspo ttipia plazan zuten erre
Musikarik gabeko gaua da tristea
Zailago dute orai begiak ixtea
Sorginduak daudela dator albistea
Han ere bazeukaten horren sinistea
Hauspoa suntsituak bere pena zor du
Uste dut betirako zaretela gortu
Moztasun triste honen
erantzuna nork du?
Nik ez dut ezer sortzen
soinuak nau sortu
Bakea nahi zenuten soinu hori errez
Tedworth-en egiten da justizia errez
Maluren eztigarri musika da berez:
Lo eginen duzue baina ametsik ez.
Lord Hamiltonek zeukan
bihotzari esker
Soinularia sutan dantzatu zen laster
Aztia zelakoa ez zegoen oker
Druryk apo ttipi bat egin zuen poker
Tedworth-eko herria zer herri isila
Mutua dauka beti dorreko ezkila
Soinuak bereizten du bizia ta hila
Inglesak ikaratzen Drury zen mutila
* * *
Kantua entzundakoan, apoak jauzi egin zuen putzura, ustez eta bertan zeukalakoan Drury lagun zaharra, inglesak bere eskusoinuaren musikarekin zoratu ondoren musikarik gabe zoroagotu egin zituen irlandarra. Taupa handitan jotzen zion bihotzak bularreko atean hondorantz zihoala.
— William, William Drury...!
Baina ez zen William Drury putzuaren hondoan zegoen gizon hura, beso bat falta zuen, eta nekez jotzen ahal zuen eskusoinua.
— Barka, jauna... zuk... zuk ezagutu zenuen William Drury?
— Bai... erre egin zuten inglesek!
— Barka, jauna, baina... zu nor zara?
— Ni idazlea naiz!
Gizon hura, egia esan, idazlea izan zitekeen, lapikoak sukaldez aldatzen dituen Deabru antiklerikal hori, idazlearen laneko jarreran baitzegoen, egon ere: luze etzanda, kainabera batetik arnas hartu edo pipatu egiten zuela, ez zegoen oso garbi. Gure apotxoa harritu egin zela esan behar genuke, baina, egia aitortzera, gizajoa ur bero, epel eta hotzetan errea zen ordurako, eta hagin bat falta zuen karramarro egosia izango balitz bezain lasai gelditu zitzaion begira idazleari.
— Idazlea zara orduan...
— Ospetsua!
— Idazlea baldin bazara, banuke zuri zer kontatua...
Putzuaren hondoan zain zegoen idazleak ez zuen erantzun, edo irri txiki bat egin zuela erantzun gisa, esan genezake. Apoak aspaldian botatzeko zeuzkanak atera zituen penen zakutik:
— Saiak harriaga baten gainera jaurti ninduelakoa mito hutsa da, idazle aspertu batek sortua. Entzun ezazu: lehen, igelak ginen denok. Korrok egiten genuen, beti musika bera etengabean. Kondeak bere gazteluko fosoetan hazten gintuen, asko maite gintuen, ezpainak koipatzen zituen gure hankak arrautz-irinetan frijituta jaten, gatz puntta batekin...
* * *
Igela
Ergela
Tripa xabal xabala
Putzutik zagon
Idi bati beha
Idia
Lodia
Tripa jori-joria
Janik bazka on
Etzen beldur meha
Igelak idiari
Nola duk tripa hori?
Idiak igelari
So'gizan bada niri!
Nahi dun txitxi?
Re ke ke ker, kerre kroak
Letania grekezkoak
Behar ttun utzi!
Nahi dun puztu?
Ahoa ezan mutu!
Izan nahi duk lodi?
Uzkia josi!
Igela
Ergela
Ernari baitzen laster!
Ahotik
Uzkitik
Aingira bezain isil!
Pokerrak
Uzkerrak
Barnerat guziak bil...!
Ez ote da ezinbertzea
Igel ergela lehertzea?
Idia
Lodia
Tripa jori-joria
Janik bazka on
Etzen beldur meha
Igela
Ergela
Tripa xabal xabala
Putzutik zagon
Idi bati beha
* * *
Eta apoak kontari jarraitu zuen, nola eskolako umeak eta nerabe aspertuak, maiteminduak eta ezkon-damutuak, serora zaharra eta bere alaba, maisu beltza eta harrobiko hargina, hitz batean, herri guztia, txandakatu egiten zen haien isilarazteko konde-kondesak lo egiten zuten bitartean. Nork bere teknika omen zeukan, batek ikasleak zigortzekoa erabiltzen zuen, besteak katu lapurra heztekoa, honek koltxoietako artilea harrotzekoa, hark sugearen bizkarra haustekoa: denek makilkatzen zituzten igel zalapartariak.
Idazleak malko bat eskaini zion apoaren mindurari, eta apoak indar berria hartu zuen bere bizitza kontatzen jarraitzeko, malko hura, idazlearen malkoa, uretan urtzen zela erreparatu gabe.
— Inor ura makilkatzen ikusten duzunean, ez pentsa gero burutik dagoela edo alfer eginean ari dela, konde-kondesen loa zaintzen dihardu. Putzuan beti aurkituko da igel txatxuren bat zotinka edo uzkerka edo pokerka. Eta igel batzuk isildu egiten dira zigorraren beldurrez, auzoaren bizkarretik zentzatzen dira. Baina behin eta berriz zigortzen duten igelak, korroka mezu bihurtzen du, gero eta minago, ahotsa aldatzeraino. Isildu nahi izan ez genuen igelak gara apook, horregatik daukagu bizkarra garatxoz betea, eta ez harriaga batean jausi ginelako berbena batetik gentozela. Gure likina, antzinako amorrua baino ez da, izerdi eta malko, biak nahaste. Makilkatuaren oihua gara apook.
Idazlea, bere putzuko ura malura dela uste duen negarti hori, isilik gelditu zen, autokritikaren bat asmatzen, menturaz.
— Zatarrak omen gara, baina ez dizkigute hankak jango. Jotzen gaituzte, eta guk hauspoa jotzen dugu. Isilik gelditu zirenek ez, haiek igel jarraitu dute, baimena emandakoan baino ez dutela kantatzen. Baina guk, apook, kantari jarraitzen dugu jipoituko bagaituzte ere, William Druryk bezala. Nahi dugunean kantatzearen zerga da gure bizkar zatarra. Edo nahiago baduzu, isiltzen ez jakitearen ordaina. Zatar egiten gaituen bizkar kolpatu hau duzu gure edertasuna...
Baina oraindik ere beste zerbait espero zuen idazleak apoaren ahotik, horregatik murgildua zen putzuan, hain zuzen. Bular gainera ekarri zuen, laztandu egin zion bizkar hilduratua. Apoa kantari hasi zen apotasunez harrotuta:
* * *
Kazan hiritik zabal
pasatzen da Volga
Popeak agurtu du ostikoz apoa
Kosako zuri denak daitezela olga
Pikutara joan da sobieten aroa
Lisboako zubiak edertzen du Tejo
Pessoa lagun zaharra bildu du apoak
Tabernara kantari zabuka dute jo
Poetarik onena ontzen du ardoak
Luisianako lurretan dator Mississippi
Ibai hori begitik sortu du apoak
Zuri ez delako ta badelako ttipi
Kukluxklanen bisita dauka gizajoak
Ai putzuak beteak ez baleude apoz
Nork emango lioke bizitza honi poz?
Penak uxatzen ditut eskusoinua joz
Nahiago baitut bizi
ahuspez baino hauspoz!
* * *
Ilunabarreko eguzkiak errainu berri bat luzatu zuen, kainaberena baino askoz lodiagoa, putzuaren azalean. Orduan apoa isildu egin zen. Belarrira egin zion hitz idazleari:
— Hi... printzesa azaltzen baldin baduk, hoa hi printze izatera!
Orduan bai, orduan ipuin onetako gaiztoek bezala egin zuen barre gozo bat idazleak, artista ur-lurtar horrek. Ipuin honetako gaiztoak bezala egin zuen barre. Baina apoak ez zuen horrelako juzkua egin, irri jatorra iruditu zitzaion. Horregatik gaztigatu zion:
— Adiskidea! Ur hau gero eta beroago zagok!
Baina idazleak lokartua bezala zirudien bere irri gozoan. Ez zen apoaren atzetik lehorreratu, idazleak putzuan zeukan poza: ipuina kendua zion apoari, eta hor konpon hortik aurrerakoa!
Epeletik urrun, apoak jauzika jarraitu zuen, kantari jarraitu zuen mundu triste hau bere edertasunaz alaitzen, idazlea bere saldan egosten zen bitartean printzesaren zain.
* * *
Parisko jauregiek behar dute Sena
Versallesko loreek bezala apoa
Komunako iraultzan gorri izan zena
Eskuin aldera dator oker du zangoa
London aberasteko dago Tamesia
Ate denetan jo du lan-eske apoak
Robin Hoodek aspaldi
hautsi du gezia
Orain beste beso bat
behar du arkoak
Alkairo zikin hartan isurtzen da Nilo
Alaren urrikia otoi du apoak
Pobre sortu den horrek
inon ez du giro
Hanka bat lehertu dio Aliren autoak
Ai putzuak beteak ez baleude apoz
Nork emango lioke bizitza honi poz?
Penak uxatzen ditut eskusoinua joz
Nahiago baitut bizi
ahuspez baino hauspoz!
Buenos Airesen bada Rio de la Plata
Bazter hartatik dago oihuka apoa
Ura badauka baina zilarra du falta
Piazzolak bezain triste
jotzen du tangoa
Baionan itsasora zabalik Aturri
Hemen ere bizitzen lan dauka apoak
Egalitatez labur libertatez urri
Ez baitira zilegi
hark dauzkan asmoak
Amazonas Danubio
Ganges Po Zanbezen
Mundutxo hau denean
nahiko txarto doa
Baina ez dezagun gal esperantza ezen
Putzu guztiek dute hondoan apoa
Ai putzuak beteak ez baleude apoz
Nork emango lioke bizitza honi poz?
Penak uxatzen ditut eskusoinua joz
Nahiago baitut bizi
ahuspez baino hauspoz!